Irri Festa, azaroaren 1ean

Jon Ander Ubeda 2023ko urr. 24a, 07:00

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo haur askoren arreta bereganatu du Irrika asialdi taldeak. Errebote plazako festara Aiztondoko lagunak gonbidatu dituzte.

Amasa-Villabonan aisialdiaren eskaintza berritzera etorri zen Irrika taldea. Urtebeteko ibilbidea osatuta, indartsu ekin nahi diote ikasturte berriari. Azaroaren 1ean ospakizun handia antolatu dute, Errebote plazan.

NEKANE AIZPUN IRRIKA AISIALDI TALDEKO KIDEA

Irrika iaz abiatu zen. Zer-nolako esperientzia izan da orain artekoa?

Esperientzia oso ona izan da. Ez genuen uste horrelako harrera izango genuenik. Bailara mailan aisialdi talde baten beharra antzematen genuen, haurrak eta gazteak elkartu daitezkeen espazio berri bat. Erantzunarekin oso gustura gaude. Udarako udaleku itxiak antolatzea beste erronka bat izan zen, eta hori burutzea ere lortu genuen. Beraz, oso gustura gaude.

Amasa-Villabonan sortu da, baina zuek bailarari begira zaudetela argi utzi nahi duzue.

Bai, Amasa-Villabonatik abiatu ginen baina ikasturte honetan Zizurkilek ere paper garrantzitsua beteko du. Bertako kide asko ditugu elkartean eta udalak ere aretoa utzi digu. Bailarara zabalik daude taldeko ateak. Badakigu hamabostero zaila dela gurera hurbiltzea, herri horietan badituztelako beste eskaintzak. Baina Irri Festa bailara osoari zabalik dago.

Aisialdi taldeko kide izateko, zein adin tarteaz ari gara?

8 urteko haurrekin hasi eta 16 urte bitarteko gazteez ari gara. Adin horretara iritsita, begirale izateko aukera sortzen zaio taldean jarraitu nahi duenari.

Onuratakoa ikastetxe ezberdinetako haurrak elkarrekin aritzea izan daiteke.

Bai. Hori uste dugu guk. Komunitatean sortutako elkarte bat da, komunitateari bideratuta. Ikastetxe desberdinetako haurrak, adin desberdinekoak elkartu egiten dira. Jarduerak adin, ikastetxe eta herri ezberdinetako haurrei begira antolatzen ditugu.

Zer gehiago esan daiteke azaroaren 1eko ospakizunaz?

Iragarritako guztiaz gain, zozketa bikoitza antolatu dugu. Alde batetik, bi lagunentzako bazkaria Alkizako ostatuan. Beste aldetik, Donostiako Mitologic izeneko scape-roomera joateko lau sarrera zozkatuko ditugu.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 635 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!