Zinemazaletasuna ardatz hartuta, Subijanan solasaldia

Aiurri 2023ko aza. 2a, 12:14

Pello Lizarralde

Gurean urteurreneko ekitaldien baitan, datorren azaroaren 7an Garbiñe Ubeda eta Pello Lizarralde idazleak solasean ariko dira. 19:00tan izango da, Subijana etxeko areto nagusian. 

Gurea zinemaren 75. urteurreneko ekitaldi-sorta antolatzen ari dira, 2023an zehar. Datorren asteartean, azaroak 7, Pello Lizarralde eta Garbiñe Ubeda solasean ariko dira."Argiantzan: zinema eta literatura" da solasaldiaren izenburua. Abiapuntua, Lizarralderen "Argiantza" eleberria izango da. Zinema eta zinema-aretoak ardatz dituen nobela da, duela bi urte euskarazko narratibaren Euskadi Saria jaso zuena. Zinemazale eta musikazale amorratua, egileak berak horrela deskribatu zuen eleberria: "Bidaia bat kontatzen du Argiantza-k. Gizon batek egin behar duen bidaia; gizon hori dator mundu zahar batetik, berak jubilatua behar zuen urte batzuk lehenago. Bakarrik dago, alargundu berria da, eta ikusten du oraindik baduela zeregina mundu horretan. Azken batean, gerente izan da zinema enpresa batean, eta berak ikusten du oraindik baduela hor lana, egitekoa, eta are konbentzituago geratzen da gazte bat etortzen zaionean –jabearen semea–, eta esaten dioenean enpresak ezin duela jarraitu ordura arte bezala". Bideoaren agerpenak zinema-aretoen industria kolokan utzi zuen. Garai hartan kokatzen da eleberria.

Pellorekin batera, solasean ariko da Garbiñe Ubeda idazle eta kazetaria. "Negu Gorriak - Ideia zabaldu Tour 95 egun", "Mila ezker" eta "Hobe isilik" liburuen egilea, egun, Berria egunkarian Kultura atalean ari da lanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!