Gurea zinemaren aspaldiko garaiak, Lumane aldizkarian jasota bezala

Aiurri 2023ko aza. 7a, 12:39

Hainbat lumanetar, Ainhoa Arozena erredaktorearekin batera.

“Bota zuten aurreneko pelikula, Gunga Din izan zen”. Gurearen lehen aroa ezagutu zutenen lekukotza jaso zen Lumane aldizkarian.

Ainhoa Arozenak zuzendu zuen aldizkaria izan zen Lumane, 2004 eta 2006 urteen artean. Goiburua aski argigarria zen: "Amasa-Villabona... Bai iragan ona!". Aurkezpen-ekitaldian honako hau adierazi zuen: "Kuadrilla zabala elkartu genuen, 1920 eta 1930eko hamarkadetan jaiotakoak gehienak, eta haiekin luze egin genuen solas euren bizitzako aldi, gai eta bizipen ezberdinez". 18. zenbakian, zinema hizpide izan zuten. Hona, pasartea:

Zentro parrokiala zegoen horretan, tabernaz gain taulatua ere bazegoen. Jai egunetan antzezlanak eskaintzen zituzten herriko gazteek. Oharretxena musikari handiak pianoa ere jotzen zuen tarteka. Pelikularik apenas botatzen zuten han baina, taldekideak ume ziren garaian, ikusten zituzten tarteka filmak, “gu umeak ginela, on Epifanio apaizak botatzen zizkigun pelikulak. Zinema Kale Nagusian izaten zen orduan. Egun lore-denda dagoen inguru horretan bazen gela bat eta hantxe biltzen ginen herriko umeak. Maindire zuri batean ikusten genituen pelikula mutuak”. Gerora, 1947 urte inguruan zabaldu zen Gurea zinema, “bota zuten aurreneko pelikula, Gunga Din izan zen”, George Stevens-ena. Solaskide ia guztiek ikusi bazuten ere, ez dira bat etortzen lantzen zen gaia zehazterakoan; hala ere, gogoan dituzte filmeko gerrateko irudiak. “Pelikulan, asto zuri bat agertzen zen gerrako materiala eramaten. Amasar asko zegoen zineman eta norbaitek broman, `Hara, Uxamendiko astoa!´ esan zuen ozen. Uxamendiko asto zuria etorriko zitzaion bururo. Algara ederrak entzun ziren zineman”. Hogei urte inguru zituzten solaskideek orduan. Zinema igandero zabaltzen zuten arratsaldeko 17:00etan eta ahal zuten emanaldi guztietara joaten ziren taldekideak, “bazkaldu, sukaldeko lanak korrika batean egin eta bost senide joaten ginen zinemara” gogoratu du lasak. Zalakainek ere ez zuen plan txarra egiten; “aurrena kafea hartu, gero zinemara joan eta lagun artean kartetan ibiltzen ginen azkenik. Dirurik ez zen, baina ondo moldatzen ginen”.

Eserleku eroso eta politak gogoratzen dituzte lumanetarrek, “bigarren solairuko aurrealdean esertzen ahalegintzen ginen”, azaldu dute Gonzalezek eta Zalakainek. Orduko gazte gehienentzat ere toki hura zen gogokoena; ez dira horrenbeste aldatzen gustuak, ezta? Igandero txartela erosi beharrean, hilabeteko txartela eros zitekeen. Modu horretan, merkexeago ateratzen zen sarrera.

On Jesus medikua ere zinemara joaten zen igandero, “baina, guardian bezala hura, e? Hura ez zen berehalakoan herritik aterako! Jendea igande arratsaldez behartuz gero, jakina zen non aurkitu”. Sendagilea ez zen bakarrik joaten, laguntzailea ere izaten zuen; “atzeko pasabidean, aulkian eserita, sendagilea eta apaiza egoten ziren. Pelikula bukatu eta argiak pizterako ateratzen ziren, inork ez ikusteko-edo”.

Zinema zabaldu aurretik, Periodistanean egoten zen medikua; igande eguerdi nahiz arratsalde. “Hantxe guardian, eserita jarri eta periodikoa leituz. Jendeak bazekien non aurkituko zuten zerbait gertatuz gero”. Urte guztian ez omen zen herritik ateratzen. Hala ere, bazuen galdu ezineko irteera bat, “urtean behin Iruñeko San Ferminetara alde egiten zuen herritik. Hark bazekien, bai…”, esan du Ugartemendiak.

Alonsotarrek zuten zinemaren ardura orduan ere, “guk beti familia bera ezagutu dugu zinemaren arduradun. Zinemara berandu iristen zirenei laguntzeko bi langile ere baziren; “linterna txiki batekin laguntzen ziguten eserlekua aurkitzen”. Gozokirik gabe joaten ziren zinemara, “gu pelikula ikustera joaten ginen, ez gozoak jatera”. Pelikula bota aurretik, 'No-do´'-a botatzen zuten, “erreporataje modukoa zen. Garai hartan Francoren kontuak izaten ziren. Pelikularen aurretik obligazioa zen hura ikustea. Bost bat minutu irauten zuen”.

Gunga Din, eskaini zuten lehen filma

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!