Komunikaziorako kanal ofizialen erabilerarekin kexu agertu da Amasa-Villabonako EAJ-PNV

Jon Ander Ubeda 2023ko abe. 5a, 07:00

Artxiboko irudia.

Ohar bidez, salaketa egin nahi izan dute jeltzaleek. Euren ustean, gobernu taldeak komunikaziorako kanal ofizialak "EH Bilduren propaganda egiteko eta EAJko zinegotziek egiten duten lana ezkutatzeko" erabiltzen ditu.

Eta testu horretan sakontzeko bi adibide aipatzen ditu. Tasa eta zergen afera, zeinean jeltzaleek diote alkateak birritan eraman behar izan zituela plenora. Antza, urrian deitu zuten ez ohiko plenoan "gobernu taldeko 8 zinegotzitik 4 besterik ez ziren agertu, eta oposizioak bost boto zituen. Kritika konstruktiboa eginez, jeltzaleon abstentzioari esker, tasak onartu ziren". Bada, informazio hori alde batera utzi nahi izan dutela leporatu dio EAJ-PNVk EH Bilduri.

Azaroko osoko bilkurarekin zerikusia du jeltzaleen bigarren kexak. Antza, han aurrekontuak onartu ziren eta hainbat mozio eztabaidagai ipini ziren. Diotenez, "pertsonen zaintzari buruz EAJk aurkeztutakoa" aipatzea ahaztu dute.

Jokabide hori salatzen jarraituko dutela esanez amaitu dute oharra: "udal gobernua Amasako eta Villabonako biztanle askoren ahotsa zentsuratzen ari da. Ez dugu onartuko EH Bildu egiten ari den udalaren erabilera alderdikoia, eta behar beste aldiz salatuko dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!