Giza sarraskia eragin zuen 1873ko Belabietako Batailaren kronika

Xabier Lasa 2023ko abe. 15a, 12:52

Karlos Almortza Aranzadi elkarteko historialariak Belabietan 1873ko abenduaren 9an izan zen borrokaldi ezin odoltsuagoaren kronika egin zuen Amasako kultur etxean, asteartean. Orain hiru urte Amasa-Villabonako artxiboan topatutako bi milatik gora agiriekin ekin ziotela ikerketari adierazi zuen Almortzak. Hitzaldi osoa, bideoz ikusgai:

Igandean eguerdian Amasan bertan egingo den ekitaldi nagusiarekin emango diote amaiera Belabieta Bataila entzutetsuaren gainean Udalak eta Aranzadi elkarteak elkarkidetzan antolatutako egitarauari.

Astelehenean, hitzaldiarekin batera, II. Gerra karlistaren gaineko erakusketa ireki zuten. Jantziak, armateria, agiriak, liburuak, ilustrazioak... biltzen ditu erakusketak.

 

Ezer onik ekarri ez zuen giza galera

Almortzak, hitzaldian, Espainiako gobernu liberalen eta altxatutako tropa karlisten artean 1873ko abenduaren 9an gertatu zen Bataila deskribatzen eta eragin zuen giza-sarraskia kuantifikatzen saiatu zen batik bat. Eta horretarako, Amasa-Villabonako artxiboko agiri-sortatik zenbait ale eta garaiko bi bandoen txostenak eta prentsa-kronikak baliatu zituen.

Batailak hartu zuen dimentsioaz jabetzeko, kopuruak ekarri zituen gogora hizlariak, “guztira, 14.000 bat soldadu bildu ziren Belabietako guda-zelaian, eta horietatik, gutxienez 600 hil ziren”. Ikuspegi militar hutsetik, sarraski itzela eragin zuen bataila hark ez zuela “ezertarako balio izan” adierazi zuen Almortzak. “Liberalen buruzagiek adierazi zuten haustea lortu zutela karlistek Tolosarekin antolatuta zeukaten setioa, eta hori zela euren helburua. Baina aldi berean, aitortu behar izan zuten hurrengo lau hilabeteren buruan, Tolosan bertan zirenei jakiak eskura jarri ostean alegia, karlistek setioa berrantolatzea lortu zutela berriro ere”.

 

Arkeologia lanak, etorkizunean

Karlos Almortzak Jesus Bidaola Txirrita eta Jose Luis Iraola Puskas Aranzadiko elkarteko boluntarioak izan ditu bidelagun ikerketan. Ez dute arkeologia lan sakonik egiteko astirik eduki, baina orain arte egin duten ekinaldi laburrean, besteak beste, Belabietako tontorretik Uzturreko bidean bi parapeto identifikatu dituzte, eta baita, zenbait objetu (labana bat, balak...). Ikerketa ildo horretatik hurrengo urtean sakontzen ahaleginduko direla jakinarazi zuen Almortzak.

Gogorarazi zuenez, Amasa-Villabonak Andoain, Berastegi eta Tolosa herriak mugakide izanik hildakoak eta zaurituak batik bat herri horietara jaitsi bazituzten ere, borrokaldian, guztira, 25 udalerri inplikatu ziren modu batera edo bestera (tropa elikatzeko dirua edo jakiak, logistika...). Horrexegatik, "badago zer ikertua herri guzti horien artxiboetan, Amasa-Villabonako udalarenean ez ezik".

II. Gerra Karlistaren gainean tesi-doktoral jakingarria egiteko nahikoa materiala dagoela esanez amaitu zuen hitzaldia Karlos Almortzak, eta historialari gazteei deialdia egin zien, ea “baten bat animatzen den eta heltzen dion gaiari”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!