Belabietako bataila odoltsua ez ahazteko ekitaldia egin zuten Amasan

Xabier Lasa 2023ko abe. 18a, 11:01

Belabietako Bataila odoltsuaren 150. urteurrena gogoratzeko antolatu diren ekitaldi-sortaren baitan, Amasan ekitaldia nagusia egin zuten, atzo eguerdian. Bertsoak, hizlariak, soldadu karlisten eta liberalen desfilea eta Oinkari dantza taldeak ekitaldirako propio prestatutako dantza izan ziren nagusi ekitaldian. Argazki-sorta eta bideoak, ikusgai:

Kulturgileek eta hizlariek osatu zuten ekitaldia nagusia Amasan. Oihana Iguaranek hiru bertso eder abestu zituen; Oinkari dantza taldeak Banako dantza plazaratu zuen, horretarako bi aldeen arteko borroka eszenifikatzen zuten koreografia eta jantzitegi ikusgarria prestatu zuten. Tolosako Andia Kultur elkarteko kideak, berriz, soldadu karlistez eta liberalez jantzia desfilean agertu ziren Amasako plazan, armak eskuetan zituztela.

 

Gogoratzekoa bai, ospatzekoa ez

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hitza hartu zuen, eta lehenengo eta behin, oroitzapen ekitaldiek non izan zuten jatorria aipatu zuen: “orain urte batzuk, Aranzadi elkarteari esker jakin genuen Amasako mendi magaletan izan zen bataila handia. Gure historia pasarte hori ez zen batere ezaguna herritarren artean, eta udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak azterketa zientifikoa egin behar zela erabaki zuen. Dokumentazio lan mardula egin dute Aranzadiko kideek, eta gaur egun askoz hobe ezagutzen ditugu 1873ko abenduan izandako gatazka eta bere testuinguru historikoa”.

14 mila soldaduen arteko gatazkak 600 hildako eragin zituen borrokaldia giza eskubideen ikuspuntutik sekulako sarraskia izan zela esanez segi zuen. “Ehunka soldaduen odolak gure mendiak zipriztindu zituen. Gerra guztiek bezala, honakoak ere, gizakion aurpegirik ilun eta ankerrena erakusten digu. Hitz gutxitan, sekulako tragedia humanoa izan zen. Berez, ez da ospatzeko edo harro egoteko zerbait. Kontrakoa esango nuke; ez dugu inon errepikatzerik nahi. Zoritzarrez, azken asteetan Gazan ikusten ari garenak erakusten digu giza eskubideen alde eta indarkeria eta gerren aurkak asko dagoela egiteko”. Azkenik, pertsona guztien giza eskubideen errespetuan eta bakean oinarritutako etorkizuna aldarrikatuz amaitu zuen hitzartzea Unzuek.

 

Gizarteari begirako zientziaren aldarrikapena

Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi elkarteko idazkariak ere mintzalditxoa egin zuen, eta Aranzadiren jarduna aipatu zuen: “Orain 25 urte eman zitzaion hasiera gerra zibileko eta frankismo inguruko giza eskubideen zapalkuntzei begirako lanketa, eta hori, gure aldetik, arkeologia eta historiaren metodologiarekin egin zen. Orain hasita dago beste talde bat duela 150 urte gertatukoaren ikerketarekin. Eta Villabona inguruko jendeari eskertu behar zaie orain arte Belabietan egindako ikerketa guztiengatik”.

Aranzadik memoria historikoa nola lantzen duen azaldu zuen segidan. “Guk objetibotasunez ikertu dugu iragan hura, baina ez neutraltasunez. Argi daukagu gurea zela Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritza demokratikoa, eta beste batzuek eman zutela estatu kolpea, 40 urtez iraun zuena”. Aranzadik zientzia egiten duela, baina zientzia hori gizarteari begira dagoela aldarrikatu zuen. “Duela 150 urte Euskal Herrian bidegurutze batean zegoen, Europa modernizatzen ari zen, monarkia zaharrak erortzen ari ziren, iraultza frantsesa, industrializazioa, estatuen zentralizazioa... Hor euskaldunok zer egin behar genuen? Sortu ziren karlistadak eta gerrak oso bortitzak...”.

Tolosako Andia kultur elkarteko soldadu liberal eta karlistek danbor hotsen pean egindako desfilearen oihartzuna izan zuen hizpide Agirrek: “orain entzun ditugun danbor hotsak gure baserrietan entzuten zituztenean, beldurra izaten zen nagusi; izua gazteren bat harrapatu zezaketelako eta ez dakit nora eraman arma eskuetan jarrita, edozer lapurtu zezaketelako, borrokaldiak sortu zitezkeelako gertu... Benetan errealitate bortitza izan zen, hemen, 600 gazte hiltzea. Oso urrun geratzen zaigu gertakizuna, baina handik gatoz gu. Eta ez dakit zer gelditu zaigun gure gizartearen barnean. Ikusten ditugu soldadu horiek, ikusten ditugu Donostiako danborradak... Sufrimendua izan zen gertakizun guzti horien atzean, baina batzuetan sufrimendu horiek ez dute aztarnarik utzi. Beraz, Amasa-Villabonako udalari, eskerrak eman behar zaizkio ekitaldi xume baina duintasunez beteriko hauxe antolatzeagatik”.

 

Meakako gurutzera mendi txangoa

Bezperan, larunbatarekin, Belabietako parajeetan dagoen Meakako gurutzera mendi txangoa egin zuten hainbat herritarrek. Ibilbidean barrena, Aranzadi elkarteko kideek 1873ko abenduan izan ziren gertakarien gaineko azalpenak eman zizkieten txangoko parte-hartzaileei.

Hainbat herritar, Meakako gurutzean, larunbatean (Argazkia: Aranzadi elkartea).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!