846 km dokumentala eskainiko dute, hilaren 27an, Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2023ko abe. 23a, 16:35

"846 km" dokumentala Beasainen proiektatu zuteneko eguna

Urtebete egingo du Aiztondo aldeko herritar talde batek, abenduaren 25ean furgonetan bizikletak sartu eta Paris aldeko bidea egin zutena. "846 ekimena" izenburua jarri zioten kirol erronkari eta euskal presoen eskubideen alde Reau eta Martutene arteko ibilbidea osatuko zuten, bost egunetan, dokumental bat grabatuz. 

Zikloa amaitzeko dokumentala eskainiko dute abenduaren 27an Amasa-Villabona Gurea antzokian.

Zer nolako harrera izan du dokumentalak aurkeztu duzuen herrietan?

Dokumentalak oso harrera ona izan du aurkeztu dugun herrietan, jendea jakin-miñez azaldu da orain dela urtebete egin genuen ekimenaz gehiago ezagutzeko eta baita Ainhoaren egungo egoeraz jakiteko ere. Denetariko jendea topatu dugu herrietan; iraganean zein gaur egun euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduan dabilen jendea eta baita jende gaztea ere, ikusi dugu gazteak ere euskal preso politikoen eskubideen aldeko lanketan presente gaudela.

Ekimenean parte hartu duzuen lagunek zer nolako balorazioa egiten duzue?

Partaideok egin dugun balorazioa oso ona da, oso polita da lagun talde batek sortutako ekimenak herriz herri harrera ona duela ikustea. Egindako lanaren nolabaiteko aitortza bat da.

Dokumentala espetxeetan ikusteko aukera eman da?

Oraingoz ez dugu aukerarik izan espetxeetan dokumentala sartzeko. Bidean geratzen zaigun asmoetako bat da, aukera ezberdinak ari gara ikusten eta saiatuko gara, noski.

Zikloa amaitzeko Amasa-Villabonan eskainiko duzue dokumentala. Berezia izango da?Abenduaren 27an Villabonan, Gurea Zineman elkartuko gara arratsaldeko 19:00etan, eta ziur gaude oso berezia izango dela. Maiatzean Basteron egin genuen estreinaldira herritar asko gerturatu zen, baina oraingo honetan, herrian izanik jende gehiago biltzea espero dugu. Emanaldiaren ondoren sorpresa bat ere badugu bertaratuko direnentzat, jendeari ilusio handia egingo diola uste dugu eta jendea bertaratzera animatzen dugu.

Urtebete egingo da bizikleta hartu eta 846 kilometro egin zenituztela. Esku artean beste zerbait ba al duzue?

Paristik itzuli ginela urtebete betetzera goazen honetan, dokumentalaren biratxoarekin amaitzeaz ari gara pentxatzen oraingoz, baina lehen aipatu bezala, euskal presoen eskubideen alde lanean jarraitzeko prest dagoen belaunaldi baten zati gara, eta modu batera edo bestera ziur horretan lanean jarraituko dugula.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!