Gurea zinemaren lekukotzak jasotzen dituen dokumentala ikusgai dago

Aiurri 2023ko abe. 30a, 08:09

Gurea zinemaren 75. urteurreneko zikloak joan zen abenduaren 14an izan zuen ekitaldi gorena, ordu erdiko dokumentalaren emanaldiarekin. Joxean Cubero kultur teknikariak egin zuen aurkezpena eta, protagonistak zinema bera eta hura gogoan hartu duten herritarrak izan ziren.

Amasa-Villabonako Udalak ikusgai jarri du, orain, dokumentala.

Lekukotzak

Andres Perez

"Amasa-Villabonako Gurea zineman eman zuten lehen filma ezin dizut esan zehazki zein urtetan izan zen, baina, Gungadin filmarekin inauguratu zen, Cary Grant aktorearekin. India Ingalaterrarena zen garaiaz hitz egiten du. Akzio-filma zen; pertsona indiarren eta independentisten borrokari buruz hitz egiten zuena, oso entretenigarria".

Maribi Gonzalez

"Gurea zinemak oso oroitzapen politak ekartzen dizkit gogora, bereziki, berrinaugurazio bati buruzkoak. Haurra nintzen eta ezin dut data zehatza kalkulatu baina 64. hamarkada inguruan izango zen. Zinemara etorri ginen eta Nobleza Baturra eman zuten; Imperio Argentinak antzeztu zuen.

Filmeko jota baten leloa abestuz atera ginen guztiok handik 'Maria Del Pilarren balkoitik gizon bat salto egiten ikusi omen dute' oroitzapen hori buruan grabatuta daukat".

Joxi Alonso

"Nire aitaren garaian, pelikula bat proiektatzeko orduan, bi makina ziren beharrezkoak. Lehenik makina batean erroilu bat jartzen zen, hori amaitzean, bigarren makina jartzen zen martxan, eta, jarraian, hirugarren erroilua lehenengo makinan sartzen zen berriro. Pelikula bat prestatzeak eta emateak lana zuen. Gero, aurrerapenak iritsi eta makina batekin, bobina batekin nahikoa zen. Orain, guztia disko gogor batekin egiten da".

Koldo Alonso

"Mendebaldeko film asko ematen ziren, eta, tiroa jotzen zenerako pertsonaia hilda zegoen. Oso film zaharrak ziren eta hainbat eszena mozten ziren, zentsura zegoen. Don Epifanio apaiza jartzen zen zinema atzean, haientzat filma proiektatu eta ez proiektatzeko muxuak eta...".

Mari Carmen Agote

"Lehen pelikulak zaharrak ziren eta ez ziren oso ongi ikusten, aretoa berritu zutenetik filmak berri-berriak dira eta oso gustura ikusten ditugu filmak".

Mari Angeles Quintana

"Zinemak Villabonari bizitasun handia eman zion. Lehen, ez zegoen ezer herrian, zinema beste era batera egiten zen, zinema jarri eta pelikulak ematen hasi zirenean 'bizitza erdia' izan zen Villabonarentzat".

Maria Dolores Arrizabalaga

"Parrokian parrokoa zegoen eta herrian zeuden guztiak zaharrak ziren. Ordiziatik apaiz gazte bat etorri zen, Don Epifanio Garmendia eta berak jarri zuen zinema eta berak egin zituen lan guztiak. Gaztea zen eta bestela hemen ez zuen beste inork egingo".

Txarly Alonso

"Hemen, film berezi bat eman zen. Donostiako jaialdian botatzen zituzten filmak herrietan botatzen hasi ziren eta Villabonara Novecento filma ekarri zuten. Pelikula horrek bi zati zituen eta bi zatiak eman zituen herri bakarra izan zen. Hurrengo herrietan, lehen zatiaren ondoren, ez zuten filma gehiago botatzen oso gogorra baitzen".

Paco Zumeaga

"Zineklubeko juntako kide bezala, pelikulak hautatzen genituen ondoren solasaldira ekartzeko. Izan ere, Zinekluba, filma ikusi eta ondoren solasaldia egitea zen. 70eko hamarkadan hasi ginen eta 10 urte iraun zuen".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!