"Zuzenekoetan oso ondo sentitu naiz"

Irune Alfonso 2024ko urt. 4a, 08:44

Musikak garrantzi handia du hogei urteko neska billabonatarraren bizitzan. Berriki, ikasketak eta musikazaletasuna uztarturik, kantu berria plazaratu du.

Nolako harrera izan dute zure kantuek?

Oraindik ez naiz asko zabaldu, oso "etxekoa" da, oraindik, nire proiektua. Inguruan mugitu naiz, gehienbat, nire ezagunekin. Pop balada moduan identifikatuko nuke nire estiloa, musika lasaia gustatzen zaion pertsona bainaiz. Nire musika euskaraz izango zenaren ideia oso garbi nuen identifikatzen naizen lehenengo hizkuntza euskara delako eta, aldi berean, zerbait lasaia, nire izaera bezala.

Aurrera begira, kantu gehiago al dituzu esku artean?

Sortze-prozesuan, baditut kantu batzuk eta ateratzeko prest ere bai. Alabaina, lasai ibiltzea gustatzen zaion pertsona naiz eta pixkanaka joateko asmoa dut, musika munduan ez baitdakizu inoiz zer etorriko den. Asko gustatzen zait konposatzea eta horretan jarraituko dut. 

Hori da hain zuzen nire hurrengo galdera: diskorik ateratzeko asmoa duzu?

Nahiko nuke, interes handia dut horrekin, baina inbertsio handia da, eta lan handia eskatzen du disko bat ateratzeak. Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari naiz eta lanean hasiko naiz berehala. Hortaz, ez da erraza izango. Bi bakarkakoak ondo funtzionatzen dutela ikusi nahi dut, segurtasuna bermatu eta, hortik aurrera, erabakiak hartu. 

Oholtza gainean nola sentitzen zara? 

Lotsatia naiz, baina, oholtza gainera igotzen naizenean, nire munduan sartu eta seguru sentitzen naiz. Orain arte, kontzertu txikiak eman ditut, hemen, Villabonan. Guztietan, oso ondo sentitu naiz, publikoarekin lotura berezia sentitu dut. 

Kontzertuetan, nire kantuekin jolasten dut, konposatu berriak edo jada ateratakoak jotzen ditut. Bestalde, "cover"-ak ere egiten ditut kontzertuak ordubetekoak izaten baitira. 

Bi kantu, bi bideoklip. Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari zara. Ba al dute bi esparru horiek zerikusirik?

Bideoklipak egiteko diskografikaren laguntza izan dut. Izugarrizko laguntza izan da, eta asko laguntzen du beraiekin lan egiteak. Profesionalak dira, material ona dute eta badakite zein plano hartu eta zein ez. Egia da, nik ikus-entzunezko komunikazioa ikasita, oso argi dudala zein plano mota ditudan gustoko eta, nolako grabazioa eta nolako bideoklipa nahi dudan. Ikasketek laguntzen dute zuzendaritza-lanak errazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!