Berdintasunean Ados! mahaia sortu da Amasa-Villabonan

Ainhoa Gil 2024ko urt. 30a, 12:17

Amasa-Villabonako Udalak Berdintasunaean Ados! lan-mahai irekia sortu du, aurrerantzean garatuko duen berdintasun politika modu parte-hartzailean erabakitzeko asmoz. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia eta otsailaren 7an egingo dute lehen bilera

Beatriz Unzue alkateak eta Irune Alfonso zinegotziak hartu dute hitza gaurko agerraldian. Bertan ziren Arantza Lopez zinegotzia eta Alazne Ayerbe teknikaria ere.

Sortu berri den Berdintasunean ados! mahaiaren inguruan Beatriz Unzuek azaldu duenez, "Udalean ibilbidea egin duten beste 'Ados!' mahaiek duten izaera publiko, ireki eta parte-hartzailea izango du, inetersa duen edonor izan daiteke parte-hartzaile".

Otsailaren 7an egingo dute lehen bilera eta, "mahaia hilero bilduko da, hileko lehen asteazkenetan, 18:30etan, Udaletxeko Batzar Aretoan, eta astebete lehenago Udalak bilera deialdiak eta gai zerrendak argitaratuko ditu www.villabona.eus webgunean eta sare sozialetako kanal ofizialetan", aipatu du alkateak.

Udal Gobernuak erabakitze ahalmen osoa aitortu dio mahaiari. "Ondorioz, Udalak garatuko duen Politika Feminista edota LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldekoa, mahai honetan eztabaidatu eta definituko dira, ondoren, Udalak bere baliabideen bitartez aurrera eraman ditzan".

Agerraldian azaldu dutenez, besteak beste honako gaiak jorratuko dira mahaiean: genero berdintasuna, indarkeria matxista, LGTBI fobia, LGTBI+ komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko Udalak garatu zuen plana abiapuntu hartu eta bertako sentsibilizazioa, zaintza sistema komunitario-feminista, hezkidetza feminista eta abar luze bat".

Irune Alfonso zinegotziak aipatu duenez, "dagoeneko herriko Mugimendu Feminista antolatuak, hau da, Lurgatz eta Akain Talde Feministek, eta Udaleko kale-hezitzaileek konfirmatu dute euren parte-hartzea. Udal gobernuaren aldetik Beatriz Unzue alkateak eta nik neronek parte hartuko dugu. Alazne Ayerbe teknikaria izango da mahaiaren dinamizazioa eta gidaritza eramando duena".

Berdintasunean Ados! mahiarekin harremanetan hartzeko, kontsultak edota ekarpena egin ahal izateko mail helbide bat sortu dute: berdintasuna@villabona.eus

Irune Alfonso zinegotziak aipatu duenez, 53.000 eurotik gorako aurrekontua izango du mahaia eta hainbat partida ekonomiko zuzenean kudeatuko ditu: "Politika Feminista, 30.000 euro; Genero indarkeriaren aurkeako ekintzak, 5.000 euro eta herriko zaintza sistemaren azterketa, 18.150 euro".

Lan mahaiaren lehen bilera otsailaren 7an izango da, 18:30etan udaletxeko batzar aretoan eta, "ateak zabalik daude denentzat. Ziur gaude herritarren parte-hartzearen bidez, eta denon bultzadarekin, Amasa-Villabona berdinzale, parekide eta feminista eraikiko dugula".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!