Amasa-Villabonako Udalak 117.640 euroko dirulaguntza lortu du Olaederra kiroldegian estalki berria jartzeko

Aiurri 2024ko ots. 6a, 10:17
Argazkia: Gipuzkoa Kirolak

Goizane Alvarez Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak atzo Amasa-Villabonan adierazi zuenez, Foru Aldundiak 443.765 euroko inbertsioa egingo du Tolosaldeako 8 herritan. Amasa-Villabona eta Zizurkil herriak daude tartean.

Olaederrako kantxak argia sartzeko 36 argizulo eta isolamendu termiko berezi bat izango ditu. Horiei esker, kirol kantxako tenperatura leunagoa izango da aurrerantzean. Teilatuaren estalki zaharrak mantentze-gastu handia eskatzen zuen eta proiektu honekin irtenbide integral bat lortu da. Gainera estalki berri honek etorkizunean energia autokontsumora bideratutako plaka fotovoltaikoak eta termikoak instalatzea ahalbidetzen du, kiroldegiaren energia-efizientzia nabarmen hobetuko delarik. Proiektua DPO ingeniaritza-enpresak diseinatu du eta obra osoa 503.192,61 euroko aurrekontuarekin esleitu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak, ordea, 117.640 euroko dirulaguntzarekin babestu du lan hau.

Amasa-Villabonko kirol instalazioak hobetzeko Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat partidarekin lanean ari da azken urteotan, eta guztira, 133.510 euroko laguntza publikoa jaso du Amasa-Villabonak. 2023an Olaederra kiroldegiko estalkia berritzeaz gain, 2022an 8.950 euro bideratu zituen foru erakundeak Bearzana pilotalekua eraberritzera, eta 2021ean Villabonako Udalak 6.920 euroko dirulaguntza jaso zuen Otsabiko Pump Track proiekturako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!