Ostegunean egingo diote ebakuntza, Tolosako Inauterietan, Ertzaintzaren pilotakada jasan zuen gazteari

Aiurri 2024ko ots. 13a, 13:31

Begi inguruan zauri larriak ditu hamasei urteko gazte billabonatar batek, Tolosako Inauterietan Ertzaintzaren pilotakada jaso ostean. Igandetik astelehenerako gauean gertatu zen, alde zaharrean. Donostiako Ospitalean dago nerabea, eta ostegunean egingo diote ebakuntza. Elkarretaratzea deitu dute Amasa-Villabonan, gaur, arratsaldeko 19:00etan, Berdura plazan: “Biolentzia polizialik ez! Babes eta elkartasun osoa zaurituarentzat!”. Senitartekoekin hitz egiteko aukera izan du Aiurri aldizkariak. 

Zer moduz dago nerabea?  
Urduri dago, arduratuta eta minduta, sustoa gainetik kendu ezinik, egia esan. Begia minberatuta dauka, puztuta, ez baita zauri samurra. Ez du ikusten, handituta daukalako. Alegia, pixkanaka berreskuratuko du ikusmena. Orotara 12-15 bat puntu jaso ditu. 

Goizean ebakuntza egingo ziotela uste genuen. Baina ubeldura handiagoa da gaur. Hortaz, medikuek erabaki dute ostegunera arte ebakuntza gelditzea, inflamazioa jaitsi ahal izateko. Donostiako Ospitalean dago orain. Asuncion Klinikara igo zuen anbulantziak, eta, bertatik, zuzenean, Donostiako Ospitalera eramatea erabaki zuten, oftalmologoak ikusteko. 

"Shock" egoeran geunden etxean, ez genuen sinesten. Amorrua atera ezinik ginen, ez baitzitzaigun normala iruditzen pasatakoa. Urduri gaude gaur. Egoera baretzeko gogoa daukagu, eta gure lehentasuna bere ongizatea da. 

Nola oroitzen du berak gertatutakoa?
Txosnagune aldera zihoazela, jende mordoxka ikusi zuten. Txaranga izango zelakoan, gerturatu eta lehen karga entzun zuten. Korrika abiatu ziren, eta, bigarren kargan, zerbaitek aurpegian jo ziola sentitu zuen. Lurrean zegoela, eskuak eraman zituen aurpegira, eta odol kopuru-handia zegoela ikusita, laguntza eskatu zuen. Jarraian, anbulantzia etorri, eta etxekooi deitu ziguten. 

Istilu batzuk zeudela argudiatuta gerturatu omen zen Ertzaintza alde zaharrera. Zuen senideak, ordea, ez zuen inolako harremanik iskanbilarekin. 
Gure aldetik garbi utzi nahi dugu, ez zegoen istiluetan. Beraiek handik ari ziren pasatzen, ez zeuden liskarretan. Ertzaintza gurekin jarri zen harremanetan goizean, baita Tolosako zein Amasa-Villabonako udaletxeetako alkateak ere. Beraiek esaten ziguten liskarra hasi zela bertan, gauza ezin zela gelditu eta, azkenean, erabaki zela kargatzea. Horrek ondorioak ekarri ditu, horien artean, gure senideari begian eman izana. 

Kolpearen ondorioz, erretinaren askapena eta malko-hodiaren haustura diagnostikatu diote. Aurrera begira, zein albo-kalte izan ditzake ikusmenean?
Ulertu dugunez, ikusmena berreskuratuko du, eta, pixkanaka-pixkanaka, bere onera itzuliko da. Ebakuntza ondoren ikusiko da nola gelditzen den dena, baina, printzipioz, bai. 

Txosten medikoak argi adierazi du poliziaren jaurtigailu batek eragin diola zauria. Hartu-emanik izan al du Ertzaintzak zuekin?
Asuncion Klinikako txostenean ez da jasotzen pilota batekin izan zenik, baina bai, ordea, anbulantziakoan, bai Donostiako Ospitalekoan. Atzo goizean deitu zigun Ertzaintzak, azalpenak emateko eta jakinaren gainean jartzeko. Ondoren, eguerdian, Ospitalera, bi buru etorri ziren, zer moduz zegoen ikusteko eta kanpo- zein barne-ikerketa abiatu dutela jakinarazteko. Arratsaldean, berriro ere etorri ziren, baina ez zitzaien aukera eman gelan sartzeko, lo baitzegoen. Forentsea ere etorri zen, kalteak ikusteko. 

Elkartasun zabala jaso duzue, bai herritarren, bai tokiko erakundeen partetik. Besteak beste, elkarretaratzea izango da, gaur, Amasa-Villabonan, 19:00tan. 
Eskertzekoa da bi udalek edukitako jarrera; gurekin egon dira, elkartasuna erakutsi digute. Era berean, babesa ematen ari zaigu herriko jendea, ardura erakutsi dute, eta eskertzekoa da. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!