Elkartasun azoka, larunbatean

Ainhoa Gil 2024ko ots. 19a, 21:24

Larunbat honetan, 10:00etatik 13:30etara, zabalik izango da elkartasun azoka Villabonako Berdura plazan. Irrika aisialdi taldeak eta Elkartasun sareak antolatuta, premian diren familien artean banatzeko gosaritarako jakiak biltzea da helburua.

Erronka berezia dute antolatzaileek. 365 gosari bildu nahi dituzte larunbatean, beharrean direnen artean banatzeko. Herritarrei esnea eta gailetak ekartzea eskatu diete eta trukean, azokako produktu ezberdinak eskuratu ahal izango dituzte. Liburuak, jostailuak..., denetarik izango da aukeran.

Irrika aisialdi taldeko kideek eta Elkartasun Sarekoek abiarazi dute ekimena. "Premia bati erantzuteko asmoz antolatu dugu larunbateko ekimena", azaldu dute. Aisialdi taldean parte hartzen duten gazteek parte-hartze zabala izan dute eta, larunbatean ere bertan izango dira. Informazio eta bilketa postu bat jarriko dute esnea eta gailetak jasotzeko. Jasotako guztia pisatuko dute eta, 365 gosari osatzea dute erronka. Uneoro jakinaraziko dute bilketa zer moduz doan.

Gailetak edota esnea eramaten duten herritarrek txartelak jasoko dituzte trukean, eta azokako material ezberdinak eskuratzeko aukera izango dute. "Elkartasun sareak bildutako materiala da eta modu honetan irtenbidea emango zaio. Liburuak, jostailuak... bigarren bizitza emango zaio horri guztiari, eta elkartasun helburuz gainera", azaldu dute.

10:00etan zabalduko dute azoka, eta 13:30ak arte egongo da zabalik, Villabonako Berdura plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!