Eskolarteko Mendi Lehiaketa, igandean Villabonan

Ainhoa Gil 2024ko ots. 28a, 12:19

Mendizale gazteek hartuko dituzte Amasa-Villabonako txokoak igande honetan. Errebote plazatik abiatuko dira goizean eta, inguruko mendietan barrena ibili ondoren, bertara itzuliko dira eguerdian. Taldetan banatuta egingo dute ibilaldi neurtua.

 

Gipuzkoako ikastetxeetako ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute Ibilaldi Neurtuetan, Eskola Mendizaletasuneko Lehiaketan izena emanda dutenek zein ez dutenek. Villabonan antolatu da lehiaketatako bat, baina egun berean ibilaldi neurtuak izango dira Oiartzun, Zarautz, Arrasate eta Zegaman ere.

Bi ibilbide izango dituzte aukeran. Bi ordu pasatxokoa izango da ibilbide motza, hiru ordu baino gehixeagokoa luzea. Kontrol ezberdinak izango dituzte bidean eta 3-5 pertsonez osatutako taldetan egingo dute bidea. Helburua ez da ibilbidea ahalik eta azkarren egitea, abiadura neurtuan eta jarraian baizik.

Informazio gehiago jasotzeko, Aizkardi mendi taldera deitu daiteke: 649 717 182

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!