Xuharri elkartasuna adierazi eta Erkoreka Segurtasun sailburuaren adierazpenak gaitzetsi dituzte

Aiurri 2024ko mar. 6a, 20:23

Jendetza elkartu da Villabonako Berdura plazan Xuhar Herri Plataformak deitutako prentsaurreko deialdiarekin bat eginda. Xuhar gazteari elkartasuna adierazi diote eta Erkoreka sailburuaren adierazpenak gaitzetsi dituzte; Beñat Uribek hartu du bozeramaile rola.

Erkorekak Xuhar erruduntzat hartzeko kanpaina hasi duela azpimarratu du plataformak: "Xuhar istiluetan parte hartzen ari zela esan du, aurpegia estalita eta botilak botatzen ari zirenen alboan zegoela, gertatzen ari zena grabatzen". Horrez gain, zaurgarri sentitzen direla azpimarratu dute: "Zaurgarri sentitzen gara gure segurtasuna bermatu behar duten horiek direnean, hain zuzen, gure giza eskubideak urratu eta larriki kaltetzen dituztenak. Umiliatuak sentitzen gara."

Esanak esan, Xuharren aldeko mozioko plenoa ere izan dute hizpide, tarte batez: "Otsailaren 28an, Segurtasun sailarengandik entzun beharreko azalpenak Arantzazu Rojoren ahotik entzun genituen. «Xuhar ez zen tirokatua izan», aipatu zuen beste hainbat astakeriren artean".

Amaieran, indarkeria poliziala salatu dute eta martxoaren 16an, goizean, Tolosan deituko duten protesta baketsuan parte hartzeko deialdia zabaldu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!