Otaegi, Aranburu anaiak eta Esnaola Gipuzkoako txapeldunak dira

Aiurri 2024ko mar. 12a, 11:39

Aldazabal ahizpak, Iparragirre eta Artola-Dieguez-Garmendiia bigarren Euskadikoan eta Gipuzkoa Trinkete eta Joko Garbi txapelketan. 

6 finaletatik 3etan txapela lortu dituzte Behar Zanako ordezkariek.

Eskuz banaka nagusien 2. mailan Arkaitz Esnaolak txapela lortu du Hernaniko Manterolaren aurka 40-25 irabazita eta horrela, lehen mailan lehiatzeko txartela lortu du datorren denboraldian.

Pello eta Asier Aranburu anaiek 40-24ko emaitzaz Gipuzkoako ezker paretako Joko Garbi txapelketa irabazi dute jubenil mailan Zubieta taldeko Urdalleta-Zabaletaren aurka.

Txapel borrokatuena Adur Otaegik lortu du Hernaniko Ekhi Osesen aurka 30-29 irabazita. Final oso on bat izan da eta 29na zihoaztelarik, lagun eta kiroltasun handiko besarkada eman diote elkarri. Goraipatzeko keinua bi pilotarien aldetik.

Bigarren postuarekin konformatu behar izan dute Euskadiko paleta irekian 3. mailan Haizea eta Araitz Aldazabal ahizpak Oberenakoen aurka 30-15eko emaitzaz galdu ostean.

Gipuzkoako ezker paretako alebin mailako finalean Xuban Artola, Ekhi Garmendia eta Oier Dieguezek 40-34ko emaitzaz galdu zuten Zubietako Alberdi, Larrarte eta Ormazabalen aurka.

Azkenik, Inhar Iparragirrek ez du egunik onena izan gaur eta Epleko Eneko Lizarazuren aurka jubenil mailako eskuz banakako trinkete finala galdu du 40-3.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!