Fleming Herri Eskolako kideak, First Lego Leaguen

Ainhoa Gil 2024ko mar. 15a, 09:49

Aurten ere FIRST LEGO LEAGUE txapelketan parte hartu dute Villabonako Fleming herri eskolako 4., 5. eta 6. mailakoek. "Etorkizun Oparoko Gaztea Saria" etxeratu dute gainera, hirugarren aldiz.

Proiektu ezberdinak aurkeztu dituzte; roboten misioak egin, zuzeneko irratsaioa... Fleming Herri Eskolatik 4., 5. eta 6.mailakoek parte hartu dute, guztira 6 talde, bakoitza bere proiektuarekin.
Eskolan lan handia egin dute: alde batetik gaiaren inguruko lanketa (proiektua
aukeratu, landu, adostu,…); bestetik alderdi teknologikoa (robotak sortu,
programatu,…); eta azkenik txapelketarako aurkezpena prestatu (antolatu,
landu, entsaiatu,…). Lanketa handia suposatzen du, baina baita ikaskuntza
handia ere. Ikaskuntza multidisziplinarra, alderdi ugari bere baitan hartzen
dituena. Gainera bereziki talde lana sustatzeko esperientzi paregabea da.

Eskolatik bidalitako mezuan azpimarratu dutenez, "aurkezpen bikainak egin dituzte talde guztiek, benetan proiektu interesgarriak landuz eskolan eta primeran defendatuz epaimahaien aurrean, beraz ZORIONAK guztiei (egun horretan parte hartu duzuenei eta ez duzuenei ere,
proiektua guztiena baita). Etorkizuneko ikerlari eta zientzilariak zarete!! Gure helburu nagusia esperientzia honekin gozatzea eta ikastea den arren, aurten ere sari bat jaso dugula eta hau gustora hartzen dela ere aitortu behar dugu, “ETORKIZUN OPAROKO GAZTEAK SARIA” jaso dugu berriro!!! Argi dago gure eskolan etorkizun bikaina dagoela!!!! Hala ere, saririk hoberena,
ikasleak egun horretan bizitzen duten poza eta motibazioa da zalantzarik gabe!! Horretaz bai gaude guztiz harro!! Gora Fleming Herri Eskola!!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!