Zein da zure harremana euskararekin?
Nire birramona euskalduna zen eta Argentinara joan zen bizitzera. Horregatik haurtzarotik "Zingirako Euskaldunak" Chascomus herriko Euskal Etxean nabil. Betidanik ezagutu nahi izan dut Euskal Herria, eta nire Euskal Etxean antolatu ziren udaleku batzuetan Irene Larrañaga zizurkildarra ezagutu nuen.
Andoaingo AEK-n zabiltza euskara ikasten. Dagoeneko B1 maila lortu duzu.
Argentinako Euskal Etxean hasi nintzen euskara ikasten. Ondoren, 2019an, Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, eta Andoaingo euskaltegira joaten hasi nintzen. Gero, berriro Argentinara itzuli eta bertan, "Euskara munduan" izeneko programan apuntatu nintzen. Asko ikasi nuen programa horretan. Orain, martxoan, urtebete egingo dut berriro itzuli naizela Villabonara bizitzera eta Andoaingo euskaltegira, eta, bai, B1 maila lortu dut dagoeneko.
Nola sentitzen zara egindako lanarekin?
Oso gustora nago euskararekin, hizkuntza polita iruditzen zait eta oso pozik nago nik ulertu dezakedalako eta ni ulertzen nautelako. Lagun euskaldunak ditut eta beraiekin euskaraz hitz egin dezaket, gaztelaniaz ere hitz egin dezaket, noski, baina beraien hizkuntza euskara da eta nik beraiekin euskaraz egin nahi dut. Beti ez dut euskaraz egiten, baina, poliki-poliki lortzen ari naiz.
Gainera, denda batean egiten dut lan eta euskara erabiltzen dudanean harro sentitzen naiz, oso garrantzitsua da niretzat; horregatik euskara ikasten jarraitu nahi dut. Nire helburua C1 maila lortzea da.
Nola bizi duzu KORRIKA?
Oso esperientzia garrantzitsua eta ederra da niretzat. 2019.urtean, lehen aldiz, KORRIKAn parte hartu nuen Euskal Herrian, Zizurkilen. Oso esperientzia polita izan zen eta gogoz itxaroten ari naiz berriro. Kasualitatez, Villabona eta Zizurkilen ezingo dut parte hartu lanagatik, baina Donostian bai, eta ilusio handia egiten dit.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 645 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.