"Amatasunarekin dugun erlazio zailari buruz ez da hitz egiten"

Irune Alfonso 2024ko api. 17a, 08:10

Irati Santiago Mujika "Lamiak" filmaren zuzendaria, zinema eta telebista ekoizlea da. Los Angelesen aritu da lanean eta Aberne film laburra ere egin zuen. Egun, FF & Films-en sortzailea da.

Lamiak fantasiasko eta terrorezko film bat izango da? Zergatik aukeratu duzu genero hori?

Duela bi urte hasi ginen Lamiak filma garatzen. Betidanik gustatu zaizkit errealismo magikoko filmak; beti liluratu izan nau. Harry Potter, El señor de los anillos, hori guztia nirea sentitzen dut. Izugarri gustatzen zait genero hori eta nik horrelako filmak egin nahi ditut.

Gidoilaria zertan oinarritu da istorioa sortzerakoan? 

Gidoia Estefania Salyers telebista eta zine gidoilari eta nobelistak idatzi du, baina kontatuko den istorioa nik neronek sortutakoa da. Los Angelesetik ideia batekin etorri nintzen, niri gertatutako bizipena duena oinarri. Marian Aguilera izango da protagonista eta hark berarekin zerikusia zuen gertakizun bat kontatu zidan, jarraian, gidoilariarekin gauza bera gertatu zitzaidan. Seinale moduan jaso nuen hori guztia. Horregatik, gertakizun hauekin lotutako tratamentu bat idazten hasi nintzen. Gero, Estefaniak tratamentua gidoi bihurtu zuen.

Euskal Herriko mitologia dago oinarri. Lamiak. 

Lamiekin eta euskal mitologiarekin itsututa nago, asko-asko gustatzen zait. Nire etxeko atean, eguzki-lorea daukat jarrita, garai batean jartzen zen bezala. Lamiek zirrara modukoa sortu izan didate beti eta Juan Kruz Igerabidek lamiei buruzko liburua dauka idatzia. Irakurri nuenean izugarri gustatu zitzaidan eta nire istorioa liburu horretan, edo bere lamietan oinarritzea pentsatu nuen.

Nola irudikatuko dituzu lamiak?

Lamiek oso-oso ile luzea izango dute, hori kolorekoa. Itsas-lamiak izango dira, hortaz, gerritik gora emakume itxura izango dute eta gerritik bera aldiz, aingira baten isatsa. Hori nire irudimenetik sortutakoa izan da; gure mitologiako ohiko lamiek antzarra edo ahate oinak dituzte, gerritik gora biluzik egoten dira eta erreka bazterrean edo kobazuloetan bizi dira; halaxe irudikatzen ditugu. Itsas-lamiei buruz oso-oso informazio gutxi dagoenez, askatasun osoz irudikatu izan ditut beti eta nik nire itsas-lamia propioak sortu ditut. Filmean haragi eta hezurrezko emakumeek irudikatuko dituzte lamiak, ez da ilustraziorik egongo. Azken finean, istorioa gaur egun gertatuko litzateken istorioa da, benetakoa. Gaur egungo garaian eta textuinguruan dago kokatua, egungo herri txiki batean eta pertsonaiak benetan ikusiko ditu lamiak filmean. Horregatik, lamiek benetazkoak izan behar dute.

Zer da kontatuko duzuna?

Mar 39-40 urteko emakumea da. Betidanik ama izan nahi izan du, baina ezin du haurrik izan. Azkenean, haurdun geratuko da eta erditzean umea galduko du. Emakumearen dolu prozesua ikusiko dugu filmean. Dolu prozesu hori eramateko Euskal Herrian duen etxera itzuliko da eta hemen lamien existentziaz jakingo du. Amalurraren eta naturaren babesleak direla ikusiko du eta lamiek truke bat eskainiko diote: zure haurra berreskuratuko duzu, beste bizitza baten truke. Bizitza hori zehaztuta dago, natura ondo babestu ez duen arrantzale baten bizitza eman beharko dio trukean. Naturaren babesleak direnez, kontakizun honetan lamiak ez dira ez gaiztoak ez zintzoak izango. "Justuak" izango dira.

Amatasuna eta emakumeen rola bezalako gaiak jorratuko dira pelikulan. Zein ikuspegi erabiliko duzu?

Nire ikuspegia adieraziko dut bertan. Azken urtean jazo zaidana kontatu nahi dut; nik ez dut haurrik galdu, baina, amatasunarekin erlazio oso zaila izan dut eta zailtasun hori da erakutsi nahi dudana. Halaber, filmean parte hartuko duten beste emakumeekin nire istorioa elkarbanatzean, beraien antzeko bizipenak ere helarazi dizkidate eta horiek denak jaso nahi ditut.

Dolu perinatala izango da oinarria: protagonistak haurra galtzen duela ikusiko dugu eta bizipen hori nola prozesatzen duen aztertuko da. Obsesioa agertuko da hemen, osasun mentala izango da hizpide, emakumeen sufrimendua agertuko da, sufrimentu horren arrazoia eta bizitako presioak landuko dira..., ikuspegi feminista batetik.

Niretzako oso garrantzitsua da tabuak kentzea, eta amatasunarekin izugarriko tabua dago oraindik. Emakume askok izaten dute erlazio zaila amatasunarekin eta ez da honetaz hitzik egiten. Niri asko lagundu dit gaiaz hitz egiten eta tabu hori deseraikitzen. Horregatik, nire helburua gaia mahai gainean jartzea da eta lasai hitz egitea. Niri asko lagundu dit. 

Bigarren mezua ere badu filmak: naturaren zaintzarena.

Bai, gaur egun amalurra zein modutan zaintzen dugun eta honen erantzuna zein den ikusiko da. Euskal Herria asko maite dut, naturarekin harreman estua dut; natura babestearen mezua izango litzateke bigarren ideia. 

Oraingoan, zein lan talde duzu atzean? 

Unai Lizartza billabonatarrarekin ari naiz, oso gustura lanean, berak ez du nahi izaten bere izena aipatzerik baino oso garrantzitsua iruditzen zait. Izugarrizko talentua dauka, berarekin egin dut posterra eta baita teaserra ere, eta filma grabatzerakoan ere bertan arituko da.

Taldea orokorrean maila altukoa izango da, Goya sari batzuk irabazi dituzten pertsonak arituko dira nirekin. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 646 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!