Loatzoko igoera, igande honetan

Ainhoa Gil 2024ko api. 26a, 08:59
Joxe Ramon eta Manex Ugarte, Uxo Toki elkartearen aurrealdean.

Inguruko lehen mendi lasterketa izan zen Loatzokoa. 1992an sortu zuten Amasako gazteek, euren zaletasunari bide egin nahian. Osasuntsu iritsi da lasterketa gaur egunera. Apirilaren 28an egingo da XXX. edizioa.

Mendi lasterketek batere tradiziorik ez zuten unean jaio zen Loatzoko igoera. Garai hartan, Amasako gazte koadrila bat hara eta hona ibiltzen zen mendi lasterketetan parte hartzen. "Iparraldera joaten ginen batik bat, baita Sakana aldera ere. Gipuzkoa inguruan ez zen horrelakorik eta gure inguruan mendi lasterketa bat egitea erabaki genuen. Amasarrok Loatzorekin lotura berezia dugunez, hantxe egitea erabaki genuen. Iparraldeko korrikalari dexente gerturatu zen lehen ediziotan, eta pixkanaka, hemen ere ezaguna egiten joan zen", azaldu du Joxe Ramon Ugartek. 

Hiru hamarkada

1992an egin zuten lehendabiziko edizio hura. "Gazteen artean egin genuen antolaketa. Uxo Toki elkartearen parean hasi, Loatzoko tontorrera igo, eta Uxo Tokira itzuli. Bide beretik egiten zen igoera zein jeitsiera, oso bide aldapatsutik. Urte batean, ordea, eurite handia izan genuen eta jaitsieran eroriko bat baino gehiago egon zen. Anbulantziak ere etorri behar izan zuen bi lasterkari eramatera. Ez zituzten zauri larriak izan, baina hurrengo ediziorako jaitsierako ibilbidea aldatzea erabaki genuen, hain malkartsua izan ez zedin". Sei kilometroko luzerarekin jaio zen lasterketa, hamar kilometro inguru izatera igaro zen. "Luzeagoa da orain, baina segurtasun aldetik aurrerapausoa egin genuen", azpimarratu dute. 

Apirilak 28, igandea

Apirilaren 28an, igandearekin egingo da aurtengo edizioa. Antolaketa taldeko kide da Manex Ugarte gazte amasarra: "Ondo errotutako lasterketa da eta urteroko bidetik antolatuko dugu aurtengoa ere. 10:00etan aterako dira lasterkariak Uxo Toki elkartearen paretik eta, Loatzora igo ondoren, bertara itzuliko dira. Loatzoko tontorrean salda, haragi eta txorixo egosiak eskaintzen ditugu, lasterketa ikustera hurbiltzen direnentzat. Elkartearen aurrealdean ere jatekoa eskaintzen dugu urtero. Inguruko jendea hurbiltzen da lasterketa ikustera eta oso giro polita sortzen da". 

Antolaketa

Laurogei pertsona inguru izaten da lasterketan. “Urtearen arabera aldatu egiten da kopurua, baina inguru horretan ibiltzen gara. Aurrez izena eman nahi duenak, lasterketa.eus gunean egin dezake, bestela, egunean bertan ere izaten da aukera, 09:00etatik aurrera, elkartean bertan. Izen-ematea doakoa da. Kartelean argi jartzen dugu lasterketak ez duela asegururik, eta parte-hartzaileek argi izaten dute hori. Hori da izen ematea doakoa egin ahal izatearen arrazoietako bat”, azaldu du Manexek. Baldintza bakarra dago lasterketan parte hartzeko: hamasei urte baino gehiago izatea.

10 kilometro

“Hamar kilometrorekin, lasterketa motza da Loatzokoa eta gaur egungo mendi-lasterkariek luzera handiagokoak nahi izaten dituzte. Inguruko korrikalariak erakartzen ditu gure lasterketak”, gaineratu du Joxe Ramonek. Izen handiko hainbat korrikalarik parte hartu izan du Loatzoko lasterketan, nolanahi ere. “Juan Mari Garinek urte askoan izan zuen probako marka eta, Joxe Ramon Galarragak ere hainbatetan irabazi izan du. Egun, Hassan Ait Chaourena da marka. 30 minutu inguruan egin zuen Loatzora joan-etorria. 19 minutuan igo zen Uxo Tokitik tontorreraino”, azpimarratu du Manex Ugartek. 

Dagoeneko hasia dago mugimendua Loatzo inguruan. “Beti izaten da lagun-arteko erronkaren bat tartean eta aurten ere izango da halakorik ziurrenik. Polita izaten da hori. Elkarren arteko lehia txiki horiek, herritarren arteko erronkak... oso giro berezia sortzen da lasterketaren inguruan eta ikusleentzako ere pizgarri izaten dira horrelakoak. Amasa eta inguruko jendea hasia dago Loatzora korrika igotzen, probarako prestatzen ari direnaren seinale”, azaldu du Manexek.

10:00etan hasita

Apirilaren 28an, goizeko 10:00etan aterako dira lasterkariak Uxo Toki elkartearen paretik. 10 kilometro inguruko ibilbidea izango dute. Lehen hiru kilometroak igoerakoak izango dira; ia zuzen igoko dira Loatzoko tontorrera. Han izango dituzte ikusleak zai. 583 metroko desnibel metatua du lasterketak. Troska aldera hartuta, zeharka jaitsiko dira berriz ere Amasako plaza aldera. Txalo artean jasoko dituzte han ere.

Prestaketa lan gehienak eginda, eguna iristea besterik ez da falta. Beste behin, kirola eta jai-giroak bat egingo dute Amasa inguruan.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 647 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!