Herriko ganaduzaleen eta Udalaren arteko elkarlanaren bidez antolatzen dute larre-irekiera. Komizar parkean egingo dute ospakizuna, 11:00etan hasita. Aurten, guztira, 971 abelburu larreratuko dira; 748 ardi, 134 behi, 58 zaldi eta 31 ahuntz.
Aurten ere Amasamendiko abeltzainen ganaduak onura publikoko larreetan pasako du uda garaia, eta 4-5 hilabetez larre batetik bestera mugituko da. Udalaren webgunean argitaratuko den maparen bitartez ganadua zein eremutan dagoen ikus daiteke. www.villabona.eus webgunean sartu eta Abereen kokapena larre publikoetan izeneko bannerrean klikatuz gero, herriko mapa zabalduko da. Bertan kolore berdez dauden eremuak herriko larre publikoak dira, eta gorri kolorez markatuta azaltzen den eremua momentu horretan abereak dauden esparrua da.