"Gazteek herrian beraien lekua aurkitzea du helburu etxeak"

Irune Alfonso 2024ko mai. 13a, 20:47

Etxean lasai eta aske ibiltzeko eremua aurkituko dute gazteek.

Aynabel Davila, Kristina Artola eta Sheyla Sarasola Gaztelekuko koordinatzailea eta hezitzaileak dira. Hilabete honetan ireki berri ditu ateak Amasa-Villabonako Gaztelekuak. 

Zeintzuk egongo zarete Gaztelekuan?

Kristina Artola: Hiru pertsona egongo gara Gaztelekuan, baina, gaztetxoekin bi egongo gara denbora guztian, txandaka arituko gara lanean. Ni koordinatzailea naiz eta hezitzaile lanetan Sheyla eta Aynabel arituko dira. Koordinatzaileak denbora gehiago igaro behar du barne-lanean. 

Asteazkenetik igandera arte egongo da Gaztelekua zabalik. Asteazkena eta ostegunetan Haur txokoa izango da martxan, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara, eta asteburuetan, ostiraletik igandera, Gaztelekua izango dugu. 17:00etatik 20:00etara. Haur txokoa 8 urtetik 12 urte bitartera eta Gaztelekua 12 urtetik 17 urte bitarteko gazteentzat dago zabalik. 

Zein da Gaztelekuaren funtzioa? 

Sheyla Sarasola: Euskara sustatzea da Gaztelekuaren helburu nagusia eta herriko haurrak, ikastetxe desberdinetara joaten direnak, elkar ezagutzea eta erlazionatzea.

K.A.: 2011an sortu zen etxea. Remi Ayestaranen proposamena izan zen eta bere helburua eremu komunitario bat sortzea izan zen, parte-hartzea bultzatuz. Gaztelekuak herriko gazteek modu asanblearioan lan egiten ikasteko nahiz beraien sorkuntza eta gogoa askatu eta egiteko leku bat izan behar du. 

Gaztelekua ez dugu etxean bakarrik finkatuko, herrira ere zabalduko gara eta herriko beste elkarteekin, eragileekin eta eskolekin harremanetan egongo gara, elkarrekin gauzak egiteko eta ez oztopatzeko.

Nola banatzen dira etxearen espazio desberdinak? 

K.A.: Azpiko solairua erabiliko dugu gehienbat. Hemen egongela, mahai-futbol gela, pin-pon gela, eta lorategia daude. Sukaldea eta komuna ere bertan daude. Lehenengo astean horrela ibiliko gara eta jendearen arabera moldatzen joango gara. Berriak gara, jendea ezagutu behar dugu, herria eta Gaztelekua ezagutu behar ditugu... Lehenengo solairuan, bulegoak eta salto-gela daude. Hori ere erabili nahi dugu, baina asabladetan hitz egiten dena kontuan hartuko dugu; gazteek bertan egingo dituzten euren proposamenak. 

Azken pisuan, Epako eta euskarako ikastaroak ematen dira, nahiz eta gure ordutegiarekin ez kointziditu. Bertan gela gehiago ere badaude eta ikasteko gela bezala erabiliko ditugu. Eskolako lanak, talde lanak edo wifiarekin ibili behar badute, eremu hori izango dute. Lanerako espazioa izango da. 

Amasa-Villabona Gaztelekurik gabe egon da denbora batez. Gaztelekuak zer onura ekartzen dio herriari? 

K.A.: Gazteek gaur egun ez daukate leku finkorik euren artean harremantzeko. Adin tarte bat dago ez direnak ez helduak ez haurrak, eta ez dute jakiten ondo zein den beraien lekua. Ez dakite non geratu eta zer egin; helduak tabernan egoten dira eta haurrak parkean. 

Hamabi-hamasei urteko hauentzako etxe bat izango da aske mintzatzeko eta adierazteko nahi dutena; herrian beraien tokia aurkitzea da Gaztelekuaren onura. Beraien izaera eraikitzeko bidelagunak izango gara gu, euskara sustatuz, sexualitatean, genero gaietan, droga menpekotasuna eta alkoholaren inguruko gaietan, erlazioetan bidelagunak izango gara. Hori bideratzeko formakuntzak jasoko ditugu hemengo langileok eta profesionalak ere baditugu gure alboan. Guk laguntza emateko laguntza jasoko dugu. 

Aynabel Davila: Gainera, etxetik arazoren batekin etortzen badira ere, laguntzeko egongo gara. Ez ditugu bakarrik utziko, laguntza eskatzen badigute guk laguntza emango diegu, ahal dugun heinean. Gure ikasketak bide horretatik joan dira, gizarte integratzaileak gara eta osasun mentala ere landu dugu, alde horretatik esperientzia dugu gazteei laguntzeko.  Oroitzapen oso onak ditut nik Gaztelekuan. Jende asko ezagutu nuen eta oroitzapen eta bizipen desberdinak edukitzea izugarri ondo etorriko zaie beraien garapenean. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 648 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!