“Emakumeen haria” ekimena martxan jarri du Amasa-Villabonako Udalak Bertsozale Elkartearen laguntzarekin

Irune Alfonso 2024ko mai. 15a, 13:08

Bertsozale Elkartea

"Emakumeen haria", memoria historikoari eskainitako eguna ospatuko da Amasa-Villabonan, ekainaren 7an. Subijana eraikinean lan egindako emakumeak eta gaur egun bertan lan egiten duten langileak batuko dira ekimenean. 

Amasa-Villabonako Udalak Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena jarri du martxan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Euskal Herriko Bertzozale Elkartearen egoitza 1880tik 1960ra oihal fabrika erreferentea izan zen eta langile asko emakumeak ziren.

Egun, Bertsozale Elkartearen egoitza da eta bertsolaritzak eta bereziki emakumeek egindako lana ere nabarmendu nahi du udalak. Aipatzekoa da gainera, oihal fabriketan bertsotan aritzen zirela  langileak. Memoria historikoa gordetzeko eta berreskuratzeko, Subijana eraikinaren iragana eta oraina islatuko dituen horma-irudia jarriko da fatxadan, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztua, Maialen Lujanbioren bertsoarekin.

Horrez gain, ekainaren 7an egitarau mamitsua antolatu dute, Udalak eta Bertsozale Elkarteak. Arratsaldeko 17:00etan Subijana etxean bisita gidatua egingo da. Oihal fabrika zaharraren berri emango du Fanny Alonsok, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Eta egun, Subijanan Bertsozale Elkarteak egiten duen lana azalduko dugu Elkarteko kideek. Jarraian, arratsaldeko 18:00etan Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudian islatu dutena azalduko dute. Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.

Eta, azkenik, ekitaldia borobiltzeko, arratsaldeko 19:00etan bertso saioa izango da. Bertso saio tematikoak aukera emango digu 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko, baita garaian Villabona inguruan bertsolaritzak zuen indarraz jabetu eta fabrikako bat-bateko bertsoaldiak bizitzeko ere, historiako emakume bertsolarien berri ikasiz. Gai jartzaile Amaia Agirre arituko da, eta bertsotan, Oihana Iguaran, Alaia Martin, eta Nerea Ibarzabal.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!