Amasa-Villabonako Udalak irmoki gaitzetsi du igande goizaldean arma zuriz egindako erasoa

Aiurri 2024ko mai. 20a, 10:22

Ertzaintzak helarazitako informazioaren arabera, igandean, goizaldeko 04:00ak aldera, liskar bat tarteko, 19 urteko gazte batek beste gazte bat izterrean zauritu zuen arma zuriz. Gaztea atxilotu eta ertzain etxera eraman zuten.

Ertzaintzak dioenez, gaztea atxiloketa saihesten ahalegindu zen eskuetan bi labana zituela Kale Nagusiko atari batean giltzapetuta. Ertzaintzak gaztea atxilotzea lortu zuen eta pertsona horri arma zuriz egindako lesioen ustezko delitu bat egotzi zaio. Atxilotua lehenik osasun-zentro batera eraman zuten, ondoren, ertzain-etxera, eta, gaur goizean, epailearen aurrean deklaratu beharko du.

Bitartean anbulantzia bateko osasun-langileek ezkerreko hankako izterrean zauria zuen gaztea artatu eta ospitalera eraman zuten. 

Amasa-Villabonako Udalak irmoki gaitzetsi du erasoa:

Udalak gogor salatzen du Villabonan larunbat gauean arma zorrotzarekin egindako erasoa eta elkartasuna adierazten dio zauritua izan den gazteari. Era berean, zauriak ahalik eta azkarren sendatzea eta etorkizunean inolako ondoriorik ez uztea espero du.

Udalak argi eta garbi adierazi nahi du festa edo parranda egitera labanekin edo arma zuriekin irteten diren pertsonak, legez kanpoko ekintza bat egiten aritzeaz gain, soberan daudela gure gizartean. Herritar guztiek, bereziki gazteek, jaiak eta parranda uneak modu libre eta seguruan gozatzeko eskubide osoa dute. Jaiak liskar bila aritzeko edo jendea erasotzeko baliatzen dituztenek, eskubide hori urratzen digute guztioi, eta hori guztiz onartezina da.

Udalak lanean jarraituko du etorkizunean horrelako gertaerak errepika ez daitezen, eta jai atsegin eta seguruak izan ditzagun beti.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman nahi dizkie larunbat gauean erasotzailea atxilotu zezaten, edota zauritutako gaztea artatzen, lagundu zuten guztiei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!