"Kontsumo ohituren aldaketan positiboki eragin nahi dugu"

Irune Alfonso 2024ko eka. 10a, 13:54

Krysia Jojo Howard, Amets Zalakain Urkola eta Lurgi Zalakain Urkola. © Izaro Mariezkurrena

Bekoop kooperatiba artisautza eta eskulangintza ikertzeko eta berbideratzeko gunea da. Ingurumena zaintzearen aldeko apustua egiten ari diren hiru emakume.

Zer da Bekoop kooperatiba?

Amets Zalakain: Bekoop ekonomia zirkularrean oinarritzen den diziplina anitzeko hiru emakumek 2022an sortutako kooperatiba da. Lurgi, Amets eta Krysiak sortu dugu, egungo ingurumen egoera eta kontsumo ohiturekin arduratuta, aldaketa positibo bat eragitearen beharra ikusita.

Hondakin moduan hartzen diren materialak transformatzen ditugu, bigarren bizitza emanez eta sorkuntza bakar eta jasangarrietan eraldatuz. Gure ikuspegia berrikuntza eta ingurumen-kontzientzia bidez, komunitatea sormen irtenbideak bilatzen dituen etorkizun baterako inspiratzea da. Horretarako, arlo desberdinetan lan egiten dugu kooperatiba barruan: materialak transformatuz, produktuak sortuz, tailerrak eskainiz, eta bekooplab-en materialak ikertuz.

Ekonomia jasangarriagoa egitea eta ingurumen-inpaktua minimizatzeko helburua da zuena?

A.Z.: Bai. Ingurumen-inpaktua gutxitzeko eta kontsumo-praktika jasangarriagoak sustatzeko konpromisoa daukagu. Kontsumo ohituren aldaketan positiboki eragin nahi dugu, gizarte eta ingurumen-erantzukizun handiagoa sustatuz.

Artisau-prozesuen erritmo naturala berreskuratzearen alde egiten duen “slow” filosofian oinarritzen gara, bat-batekoaren eta presazko tendentziaren alternatiba bezala. Ondare kulturalari lekua ematen diogu, diseinu garaikidearekin fusionatuz eta teknika tradizionalak berritzaileekin konbinatzen ditugu, produktu berritzaileak, kalitate handikoak eta iraunkorrak eskainiz.

Hondakinekin arituko zarete lanean. Zein hondakin mota erabiliko duzue?

Krysia Jojo.: Existitzen diren materialekin lan egitea kooperatiba sortzeko arrazoietako bat izan da. Gaur egun daukagun ingurumen arazoarekin arduratuta, hondakinak materialetan transformatuz, hauekin sortzen ditugu produktuak.

Artilea da erabiltzen dugun materialetako bat, euskal artilea hain zuzen ere, Eginoko artzainarekin lankidetzan. Gaur egun balorea galdu duen material hau arazo bihurtu da artzainentzat, ardiak mutildu eta gero ordaindu egin behar baitute "botatzeko." Artile hau, Wooldreamers enpresak garbitu, kardatu eta hari bihurtzen du.

A.Z.: Bestelako hondakinak ere erabiltzen ditugu: plastiko birziklatua erabiltzen dugu Plusticekin lankidetzan termo-fusioz egindako osagarrietarako. 3D inprimagailuarekin ere egin ditugu zenbait osagarri PLA birziklatuz.

Hondakin izatetik produktu izateko prozesua nolakoa da? Azaldu trataera.

L.Z.: Trazabilitatea baloreetako bat da, izan ere material bakoitza nondik datorren eta non eraldatu den jakitea garrantzitsua da guretzat. Ekonomia zirkularra sustatzen du honek: ingurumenean dugun eragina ahalik eta gehien murrizteko konpromisoa hartzen dugu, gure prozesu eta produktuen trazabilitate osoa bermatzen duten praktikak erabiliz produktu bat sortzeko prozesuan zehar.

Zein produktu sortuko dituzue?

A.Z.: Alde batetik, modako osagarriak sortzen gabiltza: poltsak eta motxilak. Prototipo eta proben fasean gaude eta udazkenerako lehenengo osagarriak salmentan jartzea aurreikusten dugu.

K.J.: Bestetik, Plusticekin lankidetzan, Telarren Kitak prestatzen gabiltza. Eta guk sortutako artilea ere salduko dugu.

Zuen produktuak non egongo dira eskuragarri?

A.Z.: www.bekoop.com gure web orrian egongo dira eskuragarri. Oraindik ez daukagu martxan web orria, baina “newsletter”ra bai, gure pista gertutik jarraitu nahi duenak izena eman dezake, egiten ditugun gauzen berri izateko. 

L.Z.: Udazkenean jarriko dugu martxan web orria eta bertan egongo dira produktu ezberdinak eskuragarri. Aurrerago, gure produktuak salmenta puntuetan egotea ere bada gure asmoa.

Produktuak sortu eta saltzeaz gain, beste asmorik ba al duzue?

A.Z.: Bekoopek 3 arlo ditu. Produktuak saltzeaz gain, Bekoop workshops arloaren bidez, tailerrak eskainiko ditugu, erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan. Bi ikastaro prestatu ditugu: “Hondakinekin ehuntzen” eta “Birziklapena, joskintza eta 3D inprimagailua”.

Gure materialak eta hondakinak erabiliz sorkuntza prozesuetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu jendea, horrela, proiektua eta proiektuaren baloreak ezagutzera eman ahal izateko, eta mundu bizigarriago bat pentsatzen eta irudikatzen duen moda eta diseinu proposamen bat hurbiltzeko.

K.J.: Ekainean eskainiko dugu lehenengo ikastaroa, gogoz gaude. Hemendik dei egiten diegu interesa izan dezaketen erakundeei, interesatuz gero gurekin kontaktuan jartzeko.

L.Z.: Bestetik, Bekoop Lab arloan, ekoizpen eta zerbitzu arduratsuak sortzeko, hausnarketarako, jakintzak trukatzeko, prestakuntzarako, berrikuntzarako eta ikertzeko espazio bat sortu dugu. Hainbat erakunderekin eta artisau/artista/diseinatzailerekin lankidetzan arituz, ingurumena zaintzeko produktu berriak eta erantzun berritzaileak sortzeko helburuarekin.

Zuek aurretik Amlu, eta Kaori faktorian zabiltzate. Hirugarren kidea, Krysia, ez dugu ezagutzen. Nor zara eta zertan aritu zara orain arte?

K.J.:Artista jakintza-alor anitzekoa naiz; arte terapeuta eta arte plastikoetan eta kulturarteko bitartekari irakaslea. Hamabost urte baino gehiago daramatzat testuinguru hezitzailean, sozialean eta komunitarioan lanean, Ingalaterran, Mexikon eta Espainian, ONG desberdinekin eta erakunde publikoekin lanean.

Ingurumen-hezkuntzako arloetan ere lanean ibili naiz. Nire diziplina anitzeko ikuspegiak sormenarekiko eta lotura sozialarekiko konpromisoa islatzen dute.

Gaur egun, nire marka pertsonalarekin eta Bekoopen nabil lanean, ehuntze lanetan gehienbat. Eskuzko ehungailuarekin egiten ditut nire lanak, eta artilea da gehien erabiltzen dudan materiala: esku-hartze artistiko eta sozialerako lehengai moduan aztertzen dut. Artileari kolorea emateko hondakin organikoak erabiltzen ditut. Nire piezak sortzen, ikastaroak ematen, eta kooperatiban bertan nabil lanean gaur egun.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 650 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!