"Basajaun liburu-denda eskualdatzen bada, oso pozik egongo naiz"

Irune Alfonso 2024ko abu. 1a, 11:58

Denda txikia zen Basajaun lehen urtetan; denda handiagora pasa zen aurrerago. Biak ondo-ondoan daude.

Lau hamarkadatan Basajaun liburu-dendaren lemazainak izan dira Aitziber Cenzano, Rosa Gomez eta Maria Jesus Martinez.  40 urteren ondoren, Basajaun liburu-dendak ateak itxiko ditu irailaren 29an. 

Hiru emakume eta hiru aro desberdin. Bakoitzak bere garaian nola bizi izan zuen dendaren irekiera? Eta nolako urteak izan ziren?

Maria Jesus Martinez: 1983. urteko uholdeak izan eta hurrengo urtean ireki nuen denda, 1984ko maiatzean. Basajaun txikia eta aldameneko denda, Amaiur lurrin-denda, etxebizitza bat ziren. Basajaun txikia, zehazki, etxeko jangela. Obra guztia egin behar izan genuen. Egungo Basajaun denda aldiz, hari denda bat zen. 

Urte oso onak izan ziren, asko saltzen nuen garai hartan. Beste denda bat ere bazegoen egunkariak eta liburu batzuk saltzen zituena, baina niri oso ondo joan zitzaidan. Oso polita jarri nuen, nire dendara sartzen ziren gaztetxoek gaur egun, oraindik, agurtu egiten naute kalean ikustean. 

Aitziber Cenzano: Nik ere badut zure dendaren oroitzapena. Zuregana etortzen ginen beti opari txikiak erostera.

Rosa Gomez: Nik 1995. urtean hartu nuen Basajaun, eta 18 urte egin nituen bertan. Oso gustura hartu nuen. Lana aldatzeko gogoz nengoen eta gogo handiz hasi nintzen bertan lanean. Nire garaian liburu asko eta asko saltzen genuen. Ikastetxeetara ere deitu nuen dendara gehiago etor zitezen eta, azkenean, Tolosatik, Donostiatik... asko saltzen genuen. Laguntza handia behar izaten nuen eta Manuelek, nire senarra zenak, ikaragarri lagundu zidan, bakarrik ezin izango nuke. Hala ere, beste pertsona bat ere izaten nuen laguntzeko.

A.C.: 2013an hartu nuen denda. Guztira 40 urte egingo ditu Basajaunek ateak irekita; ez da sekula itxi. Rosa bezala, ni ere lanean nazkatuta nengoen eta lagun batek aipatu zidan Rosak denda eskualdatu egin nahi zuela, erretiratzeko. Udaran izan zen hori, eta uda ondoren, Rosarengana etorri nintzen bere asmoak eta gogoak zeintzuk ziren jakiteko. Besoak zabal-zabalik hartu ninduen, izugarri lagundu zidan eta urtea hasi zenean, urtarrilean, biok batera hasi ginen. Otsailaren 28an Rosak erretiroa hartu zuen eta bakarrik geratu nintzen dendan. 

Hiru emakumeak "Basajaun txikian" hasi ginen. Nire hasieratan, urrian hasi ginen materiala ikusten. Rosak guztia azaldu zidan; eskaerak egiten adibidez, eta etxe eta marka asko utzi zizkidan. Horrek gauzak erraztu zituen. 

R.G.: Niri ere Maria Jesusek etxe eta marka guztiak lotuta utzi zizkidan. Oinarria edukita, jarraitu besterik ez nuen egin. Eroskin lanean aritu nintzenez banekien merkataritzan lana egiten. 

M.M.: Niregana aldiz, komertzialak, saltzaileak etortzen ziren. 

A.C.: Gaur egun ez dira etortzen, guztia ordenagailuz egiten da. Madrilgo feria batera ere joan izan gara. 

R.G.: Madrilen oso gauza politak egoten ziren; nobedade asko zeuden. Hemen opari asko saltzen ziren.

Ikasturtea hasteko garaia beti izan da garrantzitsua zuentzat, ezta? 

R.G.: Momentu hori ikaragarria izaten zen. Lan pila bat egiten genuen, ikasturtea hastean eskaerak egiten zizkiguten. Maila bakoitzarentzat sortak prestatzen genituen, eta maila bakoitzean bi ikasgela izaten ziren, eromena izaten zen. Bestalde, opariak ere asko saltzen ziren, Maria Jesusek aipatu bezala, Gabonetan asko, jaunartzetarako asko, eta baita maiteminduen egunerako ere. 

A.C.: Hezkuntza arloan, diru-laguntza jasotzeko, ikastetxeek hitzarturik dute herrian kontsumitu behar dutela. Nere garaian, Basajaunen eta Kazetarian kontsumitzen zuten. Zerrenda bat ekartzen dute behar duten materialarekin eskaera eginez. Bestetik, liburuei dagokienez, Rosaren garaian ikastetxeek Elkar argitaletxearekin gehiago kudeatzen zuten. Donostiatik etortzen ziren ikastola azpira liburuak saltzera eta ikastolako liburu guztiak ikastolak berak kudeatzen zituen. Azken urte hauetan ordea, ikastola kooperatiba sortu den momentutik, liburuak eskatzeko bi modu daude; zuzenean ikastolan eskaera eginda edo bakoitzak nahi duen lekuan erosita. Eta, egun, ikastolak beraiei egiten dizkien eskaerak Basajaunera ekartzen ditu. 

R.G.: Asko kosta da hori lortzea, nire garaian ez zen horrela. Borroka asko egin behar izan da. Nik jendea lortzeko zuzenean ikastetxearekin hitz egin nuen. Material guztietan %10eko deskontua eskaini nien. Zerbitzu oso ona ematen genuela konturatu ziren ikastetxeak eta bakoitzak nahi zuen dendatik erosten zuen. Gerora, ikasturte batetik bestera liburuak uztea eta aprobetxatzea etorri zen. 

A.C.: Rosak esan duen bezala, niri ere asko kosta zitzaidan ikastetxeekin tratu batera iristera, %10eko deskontuarena azalduta ere. Hori ikusita, liburuak prezio berdinean babestuta edo "forratuta" saltzea erabaki nuen. Erabaki horrekin herriko jende asko gerturatu zen dendara, jende askori liburuari babesa jartzeak izugarrizko lana ematen zion. Alabaina, azken hiru urteetan ikastetxeekin hitz eginda konturatu gara botatzeko liburuetan azala jartzea ekologikoki oso kaltegarria dela eta, orduan, adostu egin genuen berrerabili behar ez diren liburuei azalik ez jartzea. Hortaz, lan-koadernoak estalkirik gabe saltzen dira. 

Zer beste material saltzen zen asko? 

R.G.: Liburuena harrigarria izaten zen. Ikastetxeetan ikasle bakoitzeko hiztegi bana eskatzen zuten, 20 hiztegi. Hiztegiak oso garestiak dira. Gero, irakurtzeko, hiruhileko bakoitzean liburuak bidaltzen zituzten eta hori ere bakoitzak berea irakurri behar zuen. 40 pertsona, 40 liburu... hori guztia salduta zegoen. 

A.C.: Hori gaur egun ere horrela da. Derrigorrezko irakurketak izaten dituzte euskaraz, gaztelaniaz, eta maila batzuetan baita ingelesez ere. Ikasle batzuek liburuak txandatzea lortu dute. Ikasgela bateko ikasleek liburu batzuk irakurtzen dituzte hiruhileko batean eta gero aldatzen joaten dira. Baina, bai, irakurketako liburuak asko saltzen dira. 

R.G.: Durangoko azokaren ondoren euskarazko berrikuntzak ere asko saltzen ziren. 

A.C.: Liburuetan adibidez, liburu elektronikoek eragin zezaketen kaltea ez dut hainbeste nabaritu. Arlo askotan Internetaren eragina erabatekoa da, baina, kasu honetan ez. Irakurleok nahiago dugu paperean irakurri. 

Merkatarien belaunaldia badoa. Ez dirudi datozenentzat ikuspegi erraza denik. Nola bizi duzue hori?

A.C.: Tristuraz bizi dut nik. Basajaunek bere ibilbidea egin du eta, ttirriki-ttarraka, funtzionatzen du, baina egia da kalea oso triste dagoela. Jendearen erosteko ohiturak aldatu egin dira. 

R.G.: Nik kanpotik ikusten dudanaren arabera aldaketa handia izan da. Kaleko giroa oso zaila da. 

M.M.:  Orain guztia Amazonetik eskatzen da. 

Kasu batzuetan errelebo falta da, baina besteetan bestelakoa da arazoa. Merkataritza elektronikoak, esaterako, kalte handia eragin du.

A.C.: Internetekin lehiatzea ezinezkoa da; Amazonekin ezin da. Hasteko ez da nazionala, kanpoan dago erregistratua. Guk legez liburuei ezin diegu %5a baino gehiagoko beherapena ezarri baina Amazonek bai; ezinezkoa da horren kontra lehiatzea. Zerbitzua ez da aitzakia; liburu bat eskatzen digutenean 24 ordutan jasotzen dugu. Egungo gizartean, ohitura aldaketak eman dira eta pandemiak ere eragin handia izan du horretan. Guztia mugikorrekin egitera ohitu gara, kaleak hutsak daude eta, ondorioz, dendetara ez da jenderik etortzen.

Jende heldua goizero irteten da kalera, egunkaria erostera, fruta erostera... euren garaian bonbilla bat behar izanez gero Sotorengana joango ziren erostera. Helduen belaunaldiak horrelako erosketak egiten jarraitzen du oraindik ere, baina gazteen ohitura azkartasunean dago oinarritua.

R.G.: Nire garaian, 08:00etarako denda irekita edukitzeko, goizago etortzen nintzen. Ordu horretarako, okindegietan jendea egoten zen, Kazetarian egunkariak erosten, baita arrandegian ere..., jende asko ibiltzen zen kalean goizean goizetik. Aurreko batean hona etorri nintzenean ez nuen kalean inor ikusi, Aitziber bakarrik.

Herria liburu-dendarik gabe geratuko da, orain gutxi arte pentsaezina zirudien...

R.G.: Ezingo dugu herrian bolalumarik erosi.

A.C.: Merkatua gogorra dago, kalea itzalita. Basajaun eskualdatzea lortzen badut oso pozik egongo naiz baina bestela, itxi egingo da. Erretiroa hartuko duten dendari askok ez dute erreleborik eta komertzio asko itxita geratuko dira. Horrek kalean eragina izango du, asko nabarituko da.

Basajaun eskualdatzea gustatuko litzaizuke orduan, Aitziber.

A.C.: Hemen lana egiteko ilusioa behar da. Horrexegatik hartu dut Basajaun uzteko erabakia; ilusioa beste leku batean jarri nahi dudalako nire bizitzan. Nire identitatea berreskuratu nahi dut, Aitziber Cenzano naiz ni, ez Aitziber Basajaun. Jende askorentzako Rosa Basajaun da eta ni ere bai. Pena handia ematen dit erabaki hau hartu behar izateak, baina mentalki eta fisikoki aldaketa behar dut.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 653 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!