Truchuelo argazki dendako funtsa, Amasa-Villabonako Udalaren esku

Ainhoa Gil 2024ko ira. 5a, 14:05

Emilio eta Ramon Truchuelo anaia argazkilariek Amasa-Villabonako udalaren esku utzi dute euren argazki funtsa. Argazkiak sailkatu, kontserbatu eta digitalizatzeko konpromezua hartu du Udalak, herritarrek kontsultatu ahal ditzaten. Atzo egin zuten dohaitzaren hitzarmen sinadura ekitaldia.

1984 urtera arte, Juani, Emilio eta Ramon anai-arrebak argazkigintzan aritu ziren Andoainen eta Amasa-Villabonan zituzten dendetan. Urte horretatik aurrera, Ramonek Amasa-Villabonako dendaren ardura hartu zuen, beti bere arreba Juani zenaren laguntzarekin.

Milaka argazkik osatzen dute argazki funtsa. Besteak beste, 1960, 1970 eta 1980. hamarkadetako herriko lekuak, Santio jaiak, erregeen kabalgatak, errebote eta futbol partiduak, haurren komunioak eta herriko bikoteen ezkontzen ospakizunetako argazkiak aurki daitezke Truchuelo familiak udalari lagatako funtsean. Argazki hauek batez ere argazki-film edo negatibo formatuan aurkitzen dira eta, guztiak sailkatuta eta inbentariatuta daude. Amasa-Villabonako argazkiez gain, Zizurkil eta Asteasuko hainbat argazki-film ere jasotzen ditu funts honek.

Argazki-funts osoa modu ofizialean Udalaren eskuetan uzteko, Lagapen Kontratua sinatu zuten atzo, Beatriz Unzue alkateak eta Ramon eta Emilio Truchuelo anaiek, Villabonako udaletxeko Batzar aretoan. Bertan ziren Truchuelo anaien etxekoak.

Udal Artxiboaren baitan argazki-funtsa behar bezala kontserbatzeko, sailkatzeko eta herritarrek kontsultatu ahal izan dezaten beharrezko bitarteko guztiak ezartzeko konpromisoa hartu du Amasa-Villabonako Udalak. Laguntza profesionalaren bidez argazkien digitalizazio prozesu bat abiatuko du, etorkizun hurbilean argazkiak formatu digitalean ere kontsultatzeko aukera egon dadin

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!