Giro ederra Azoka Berezian

Aiurri 2024ko ira. 14a, 17:32

Eguraldi bikainaren laguntzaz, jende asko gerturatu da Irrintzi elkarteak antolatzen duen Azoka Berezira. Goizean goiz jarri dituzte postuak eta, eguerdian handia zen jendearen joan-etorria. Udaletxeko arkupeen inguruan, bestalde, elkarteetako kideak buru-belarri aritu dira isats gisatua prestatzen.

Eztia, hestekiak, ogia, gozoak, jostailuak, bitxiak, egurrezko tresnak, poltsak, txokolatea..., aukera handia zegoen gaur Erreboteko plazan. Eguerdi aldera jende asko zebilen postutik postura, erosketak egiten eta, pintxo goxoak janez indarrak biltzeko aukera ere izan da azoka-gunean bertan.

Eguerdian egin dute sari-banaketa ekitaldia. Isats gisatuen lehiaketako sariaz gain, postu onenen sariak ere banatu dituzte.

Zortzi elkartek parte hartu dute isats gisatu lehiaketan eta, goizean goizetik hasi dira euren platerak prestatzen. Hirugarren postuan Amasako Uso-toki elkartea sailkatu da, Villabonako Bearzana elkartea bigarren postuan, eta Asteasuko Aitzondo izan da txapelduna.

Azokako postuei dagokienez, hiru postuk jaso dute saria: Iker Berastegi sailkatu da hirugarren postuan, Gonzalo Garcia izan da bigarren eta Ibarrako Agurtzane izan da epaimahaiaren iritziz posturik onena jarri duena. Txalo artean jaso dute euren saria hiruek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!