Irrifesta ospatuko dute larunbatean, hilaren 12an

Irune Alfonso 2024ko urr. 9a, 09:21

Iaz, Irrifestako talde argazkia

Festa goizeko 10:30ean hasiko da Amasa-Villabonako Errebote plazan. Bertan, txoko desberdinak jarriko dituzteko taldean jolasteko eta denboraldi berriari ekiteko izen ematea egiteko aukera emango da. Jarraia Irrika Aisialdi elkarteari egindako elkarrizketa irakurgai. 

Irrika festa egin behar duzue aurki, zer aurkituko dugu festa horretan?

Udazkenean sartuak gaudenez, “Udazkena loratzen, Irriak sortzen” leloarekin sortu dugu aurtengo Irrifesta. Herria girotzen hasiko dugu eguna, trikitia eta panderoekin kalejira bat eginez 10:30ean. Jarraian, 11:00etan, Irrifestari hasiera emango diogu txoko guztien irekierarekin. Txoko asko edukiko ditugu gerturatzen den pertsona orok parte hartu dezan. Bizikletan txokoa edukiko dugu, haur zein DBHko gazteentzat. Sukaldaritza txokoan ezkur goxoak prestatzeko aukera egongo da eta ondoren, elkarrekin jateko! Mugimenduzko jolasak egongo dira eta ”Perretxikotik perretxikora” jolasa, taldean jolasteko. Horretaz gain, eskulanen txokoa ere egongo da eta informazio txokoan Irrikako denboraldi berrirako izen ematea egiteko aukera egongo da, baita Irrikako kamixeta eta poltsa berriak erosteko aukera ere.

Azkenik, gosetzen garenerako, Zubimusu eta Erniobeako DBH 4. mailako ikasleekin elkarlanean, pintxoen txokoan, salda beroa eta pintxo goxoak edukiko ditugu.

Zein helbururekin antolatu duzue festa?
Elkartearen helburu nagusiak sustatzen jarraitu nahi ditugu festa honekin, aisi osasuntsu eta inklusiboa euskaratik eta euskaraz eskainiz. Honekin batera, Irrikako denboraldi berriari hasiera emango diogu irriz, ilusioz eta elkarlana balioan jarriz.


Ikasturte berria hasi dugu jada… zer nolako urtea irudikatzen duzue?
Irrikako taldera, begirale berri asko gerturatu zaizkigu eta ilusioz hasi dugu denboraldi berria. Orain haur eta gazteen izen ematea nolakoa den ikusi nahi dugu. Proiektu, ekintza, erronka eta ideia berriez osatutako urtea izango dela aurreikusten dugu.

Herriko elkarteekin elkarlanean jarraitzeko asmoa duzue?

Irrika, elkarlanean sortutako proiektua izan da eta benetan elkarrekin lortu daitezkeen proiektuetan sinesten dugu. Bai, gure asmoa herriko elkarteekin elkarlanean jarraitzea da. Gure ustez, elkarlana da komunitate sendo bat eraikitzeko giltza. Orain dela egun batzuk, Gipuzkoako Minbiziaren elkartearekin jardun genuen beraien proiektuan gure aletxoa jarriz.

Baduzue ekintza berezirik aurreikusita?
Azken bi urteetan, Eitb-ko maratoi solidarioan parte hartu dugu eta erantzun oso positiboa eduki dugunez, aurtengoan ere gure aletxoa jartzea erabaki dugu. Ekintza bereziak ditugu eskuartean, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu dena ondo lotuta eduki arte. Adi egon, sorpresa oso politak etorriko dira eta! Ikasturte zoragarria izango da!


Zer berrikuntza izango dugu aurten Irrika Aisialdi Elkartean?

Irrika etengabeko berrikuntzan dago. Gure taldearen formakuntzari garrantzia ematen diogu eta formakuntza horietan jasotzen dugunarekin etengabeko berrikuntza eta hobekuntzan gaude.

Aurtengo berrikuntza nagusia, DBH taldean eginikoa izango da. Beraien behar eta nahietan oinarritutako eskaintza egingo dugu. Haur, gazte eta nerabeen interesei eskainitako tartea izatea nahi dugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!