Amasako Jaiak 2024

"Berrikuntzak sartzea eta denen gustuko jaiak antolatzea da zailena"

Irune Alfonso 2024ko aza. 6a, 10:09

Kepa Otegi eta Unai Beldarrain Amasako herri bazkarian. Ezkerrean bigarrena Otegi eta eskubian lehena Beldarrain. Aiurri

Azaroarekin batera iritsi dira Amasako Sanmartinak. Amasa-Villabonako herritarrek 2024ko urteko hamaikagarren hilabete honetan, 7 eguneko festa giroaz ospatzeko aukera izango dute. Unai Beldarrain eta Kepa Otegi Martina kultur elkarteko kideak dira.

Iaz San Martin jaien hasierarekin, txupinazoan, Martinaren jaitsiera izan zen. Martina sorgiña pertsonaia bihurtu zen eta antzerki modukoa egin zenuten. Aurten ere hala egiteko asmoa al duzue?

Unai Beldarrain: Bai, aurreko urtean oso ondo atera zen eta herritarrei, jendeari, batez ere bertaratu ziren haurrei, asko gustatu zitzaiela ikusita, berriro errepikatzea erabaki dugu. Aurten Amaia Ruiz de Galarreta aktorea izango dugu eta berari utzi diogu sormen lana burutzen, beraz, irrikitan gaude zer prestatu digun ikusteko.

Amasako haurrek ze begirekin ikusten dute Martina Sorgiña?

Kepa Otegi: Zorionez Amasan haur asko dago eta kopurua gorantz doa, beraz, sorginaren jaitsiera eta igoeratik hasita haurrentzako ekintza mordoa prestatu dugu. Sorginari kondaira eta misterio puntua ematen diogu eta haurrak horrekin harrituta gelditzen dira.

Haurrak aipatuta, haiek ere festa giroan ibiltzeko aukera dute buruhandi, puzgarri eta txokolatadarekin...

U.B.: Esan bezala, haur asko dago herrian eta geroz eta gehiago dira. Beraiek ere festetan txoko bat behar dutela iruditzen zaigu. Izan ere, haurtzarotik festetan murgilduta badaude, pentsatzekoa da hazten joaten diren heinean ere horrela jarraituko dutela. Amasa txikia da eta polita da haur guztiak batera dabiltzala ikustea.

Urtero finko mantetzen den beste ekintza soka-dantza izango da. 

K.O.: Urtero 30 bat langun izaten gara eta gazteenek ilusio berezia izaten dute lehenengo aldiz ateratzeko. Garai batean oilasko jokoarekin lotuta zegoen, gaur egun, nahiz eta, oilasko jokorik ez egin, ilusioak eta gogoak bizi-bizirik egoten jarraitzen du.

Berrikuntza bezala Alkandora eguna antolatu duzue. Zertan datza? Zergatik alkandoraren aukeraketa hori?

U.B.: Ez dauka ezer berezirik; gure arteko adar-jotze moduan hasi zen eta herri guztira zabaltzea bururatu zaigu. Besterik gabe, nahi duen guztia alkandora jantzita atera dadin eta, ondoren, guztiok argazki bat aterako dugu elkarrekin. Horrekin, herri giroa sustatzea da gure helburua.

Orain gutxi arte elizan bertso saioa antolatzen zenuten. Aurten, Tu Tum Platz bakarrizketa izango da. Gipuzkoako bertso txapelketa izan da aldaketa horren arrazoia?

U.B.: Ez, besterik gabe, aldaketa bat sartu nahi genuen. Lehengo urtean ere kantaldi bat antolatu genuen eta jendea gustora geratu zen. Orain, festetatik atera dugunez, bertsoei beste leku bat ematen diegu, bertso afaria antolatuz adibidez.

Herri kirolak Amasako gazteen artean eta herriko gazteen arteko desafioa. Zein desberdintasun dago bien artean?

K.O.: Herri kirolak urtero igandez egiten ditugu eta proba berdintsuak izaten dira, tradizionalak. Desafioa, bestalde, guk asmatutako probaren bat taldeka banatuta egingo dugu, desafio gisa. Zein proba izango den jakin nahi duenak, azaldu dadila Amasara azaroaren 16an eguerdi aldera, ez zaio damutuko.

 

 

Elkarrizketa osoa Aiurri 658 hamaboskarian  irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!