"Xuharrek ez du ikusmena berreskuratuko"

Irune Alfonso 2024ko aza. 22a, 09:42

Cenzanok eta Alkainek jaialdian lan egitera animatzen zaitu, idatzi: xuharherriplataforma@gmail.com. aiurri

Oihana Alkain eta Aitziber Cenzano Xuhar herri plataformako kideak

Abenduaren 14an, Xuhar herri plataformak antolatuta elkartasun jaialdia egingo dute Amasa-Villabonan. "Bada garaia gauzak aldatzeko" lemapean, biolentzia poliziala salatuko dute

Zer moduz dago Xuhar? Zein da gaur egungo bere egoera?

Aitziber Cenzano: Sendagileek jada esan digute: ikusmena ez du berreskuratuko. Egoera berrira moldatzen ikasten ari da. Sortzen zaizkion behar berriei aurre egiten ikasten ari da. Lagunekin eta etxekoekin babestua dago. Psikologikoki ongi ikusten dut. Onartua zeukan ikusmena galdu egingo zuela hasieratik. Familiari gehiago kostatu zaiola sentitzen dut. Azkeneko berri honek helduagoak garenoi beste modu batera eragin digu, atsekabe handiagoarekin; guk bera kontsolatu beharrean, alderantziz izan da. 

Oihana Alkain: Orain gainera, espazio berri bat bilatu du bere bizitzan. Espazio berri horrek motibazioa eman dio bizitzari aurrera egiteko. Gaztetxean sartu da eta jende berria ezagutu du, Gaztetxean gauzak egiteko ilusio handia dauka eta nik ere ongi ikusten dut. Ematen du ez zaiola ezertxo ere gertatu. 

A.C.: Fisikoki ez zaio ezer nabaritzen. Kanpoko zauriak nahiko ondo sendatu zaizkio. Azken ebakuntza duela bi hilabete egin zioten eta errekuperatzea asko kostatu zitzaion, gaizki pasa zuen minarekin. Orain ongi dago, eta Oihanak esan duen bezala, esparru berri bat ireki zaio, jende berria ezagutu du eta herrian beste modu batera mugitzen da. Lehen zituen lagunak mantentzen ditu baina berriekin ere ibiltzen da eta horrek ongi egin dio. 

Lehen motoan ibiltzen zen, ikasten...gaur egun zertan dabil? 

A.C.: Sendagileak motoan ibiltzeko baimena eman dio, beti ere kontuan izanik begi bakarra duela eta istripu bat izanez gero, ikusmen osoa galtzeko arrisku handia izango duela. Alde horretatik, laguntza psikologikoa dauka. Protokolo desberdinen baitan psikologoak izendatuta ditu Osakidetzak, adibidez, tratu txarrak jasan badituzu. Gure kasuan aldiz, horrelako egoera baten aurrean ez dago psikologorik eta familiak egin behar du horren kargu. Psikologo batekin konektatzea ez da beti erraza izaten, eta berarekin konektatuko duen profesional bat aurkitzen saiatzen ari gara. Ikasketei dagokienez, Tolosan ari da, soldadura ikasten. Bere begiarentzat ez da lanbiderik onena baina berak aspalditik garbi zuen arlo horretatik joan nahi zuela eta familiak ezin dizkio lehendik dauzkan oztopoak baino gehiago jarri. 

Familiak ere laguntza psikologikoa jaso al du?

A.C.: Guraso bezala egoera kudeatzea ez da batere erraza. Gurasoak ere lagutza psikologikoarekin hasi dira, bai. Ainhoa laguntza jasotzen ari da eta Jontxuk bere amorrua nola bideratu ikasteko prozesua hasi du. 

Egoera judiziala zertan da? 

Abokatuek daramate; prozesu guztia beraien eskuetan dago. Ez dago ezer erabakita eta guztia martxan dago.

Elkartasun jaialdia antolatu duzue. Zein helbururekin? Zertara bideratuko duzue lortutako dirua?

A.C.: Familiarentzat zaila da onartzea Xuharrek ez duela begi horretatik berriro ikusiko. Horregatik azkeneko aukerara arte saiatuko gara. Azken aukera gisa, Bartzelonara joatea gomendatu digute. Oftalmologian adituak diren sendagile onenetarikoak bertan daude eta asmo hori dugu. Haiek esperantza ematen badigute edo alternatibak ikusten badituzte, horrekin saiatuko gara. Medikuntzan etengabeko berrikuntzak daude eta eurengana jotzeko helburua daukagu, horri aurre egiteko diru kopuru handia beharko da; sendagileak ordaindu, bidaiak, estantzia... hortaz elkartasun jaialdian lortutako dirua horretara bideratuko da. 

O.A.: Beste helburua, gertatu diren biolentzia polizial kasu guztiak salatzea izango litzateke. "Bada garaia gauzak aldatzeko" leloarekin esan nahi dugu horrelako kasuak ezin direla errepikatu.

Zenbat jende espero duzue? 

O.A.: Errebote plazako edukiera 1.800 pertsonakoa da. Egun, 900 sarrera daude salduta eta ahalik eta jende gehiena elkartzea da gure nahia. Guztion borroka baita hau guztia salatu eta Xuharri eta biktima guztiei elkartasuna adieraztea. 

Sarrerak erosteko azken eguna zein izango da?

Ez dugu epe mugarik jarri. Sarrera guztiak saldu arte izango da salmenta. Jaialdian bertan ere sarrerarik badago, salgai jarriko dira. 

Boluntarioen zerrenda zabaldu duzue lan egiteko.

O.A.: Lau txanda egongo dira lan egiteko: segurtasuna, tiketera, sarrera eta barra. Gutxi gorabehera 136 pertsona beharko ditugu lanerako, oraingoz 70 pertsona apuntatu dira. Jendearen laguntza behar dugu elkartasun jaialdia aurrera eramateko eta hemendik jendea gonbidatu nahi dugu zerrendan apuntatu eta parte hartzera.  

 

 

Elkarrizketa osoa Aiurri 659 hamaboskarian  irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!