"Zerbitzuak dira gaur egun gehien irekitzen direnak"

Irune Alfonso 2024ko aza. 25a, 11:28

Nerea Garcia, Tolosaldeako merkataritza teknikaria.

Tolosaldeako merkataritza teknikaria da Nerea Garcia. Amasa-Villabonako Albisu Kirolak denda itxi berritan, eta aurki, Basajaun liburudendak, Tinta inprimategiak eta Karlis argazki estudioak ere itxi egingo dutenez, merkataritzaren egoeraz hitz egin du teknikariak.

Denbora gutxian 4 denda itxiko dira Amasa-Villabonan.

Egoera txarra da. Denden itxiera asko nagusien erretiroagatik izaten da, argi ikusten da oraingoan; Albisu, Tinta eta Karlis estudioaren kasuan hori baita arrazoia. Merkataritzaren egoera piramide demografikoaren isla da. Gizartea gero eta zaharragoa den heinean, pertsonek erretiroa hartu behar dute, sektore guztietan gertatzen den modura, alabaina, merkataritzan askoz ere nabarmenagoa da, kaleak hutsik ikusten baititugu; argi gutxirekin eta pertsianak itxita. Berriro ez irekitzearen arrazoia hori izaten da askotan, eskualdaketarik ez dagoela, inork ez diela dendei jarraipenik eman nahi.

Behin betiko itxi aurretik saiatzen zarete eskualdatzen.

Oria merkatari elkarte barruan dauden eta itxi duten dendetako batzuk saiatu dira eskualdatzen. Merkataritza-ganberaren barruan, Berriz Enpresa izeneko programa zehatza dago saiatzen dena ekintzaile bat aurkitzen, sektore horretan interesa duena eta bideragarria den komertzio horrekin jarraituko duena. Elkartetik merkatariei programa honetan sartzeko proposamena egiten diegu. Hala ere, ez da batere erraza. Gazteek ez dute komertzioko ordutegian lanik egin nahi, ez daude prest hainbeste ordu sartzeko; goiz eta arratsaldez lan egin, baita larunbatetan ere. Gainera, hasiera batean inbertsioa egitea suposatzen du...

Zure ikuspegitik, egoera larria dela esango zenuke?

Denda asko ixten dira eta oso gutxi dira irekitzen direnak, duela gutxi fisioterapia gune bat ireki berri da Kale Berrian. Kale Nagusiaren egoera nahiko larria da, lokal asko itxita daude edo itxi behar dituzte. Udalarekin ari gara lanean egoera honi buelta emateko, baina oso zaila da. Diru-laguntzak jarri ditzakezu baina ekintzailerik ez baduzu, ezingo da denda zabalik mantendu eta Amasa-Villabonan denda asko dira.

Herri askotan kale nagusia edo alde zaharretako dendak itxi egiten dira eta, eraikinak zaharrak direnez, ez dute bertan negozio berririk zabaltzen, zonalde berrietara joaten dira.

Nola sustatuko zenukete tokiko merkataritza?

Herri bakoitzean estrategia desberdinak erabiltzen dira. Diru-laguntza bitartez izaten da kasu batzuetan, lehendabiziko urtetan alokairuarekin lagunduz, hornitzaileei ordainduz, langileak behar badira hauei ordainduz...

Internet guztiok ezagutzen dugu eta bertako prezioak eta kalitateak beldurra ematen du tokiko saltoki bat irekitzeko. Konfiantza emanez, laguntza ekonomikoa, eta guztiz doakoak izaten diren bideragarritasun planak eginez sustatu eta bultzatuko nuke merkataritza.

 

Elkarrizketa osoa Aiurri 659 hamaboskarian  irakurgai dago

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!