Durangoko Azoka 2024

Mikel Pagadiren lehen nobela Durangoko Azokan gehien salduko den liburuetakoa izango da

Ainhoa Gil 2024ko abe. 6a, 07:00

Villabonako Subija etxean egin zuen Mikel Pagadik 'Bisita' liburuaren aurkezpena. Aiurri

Hamahiru hilabeteko sortze-prozesuaren ondoren, bere lehen nobela plazaratu berri du Mikel Pagadi umoregile billabonatarrak:  'Bisita'.

Laster bete zen Subijana etxeko areto nagusia. Billabonatar asko gerturatu zen Mikel Pagadi herrikidearen lehen nobelaren aurkezpen ekitaldira. Liburuak sinatzen eta jendea agurtzen pasa zituen aurkezpena hasi aurreko minutuak eta azkar batean agortu ziren aurkezpenera eramandako liburu guztiak. Ikusmin handia sortu zen ekitaldiaren inguruan.

Sortze-prozesua

Umorea da Mikel Pagadiren lehen nobelaren funtsa. "Zientzia fikzioa eta satira politikoa uztartzen ditut bertan. Anoeta herrian lur hartzen duen espaziontzi batekin hasten da nobelako kontakizuna eta hortik abiatuta gure erakundeak, gizartea, herritarrak, baserritarrak... hartzen ditut aipagai". 

Nobela idazteko ideia non sortu zitzaion azaldu zuen Pagadik: "Estatu Batuetako Las Vegas hirira joan ginen 'Herri txiki infernu handi' programako grabaketak egitera. Bidaia hartan, ejerzito estatubatuarrak duen gune bat ezagutzea egokitu zitzaigun, 51. area izenez ezagutzen dena. Diotenez, espaziotik datozen gauzak gordetzen dituzte bertan eta mitologia handia sortu da toki haren inguruan. Hantxe pentsatu nuen mito horiek edo sineste horiek gurera ere ekar zitezkeela, eta nire kontakizuna Euskal Herrian kokatzea erabaki nuen. Zientzia fikzioa lantzen dut nobelan, baina egia esan, azpigenero hori zubi bezala erabili dut; aitzakia izan da gure gizarteaz umorez hitz egiteko. Izan ere, irudipena dut euskal literaturak hutsunea duela umoreari dagokionez. Arlo horretan gehiago sakondu behar genukeela iruditzen zait". 

Liburu irakurterreza egin nahi izan duela aitortu zuen idazleak bere aurkezpenean: "Helburu hori lortu dudala uste dut. Orain arte irakurri dutenek behintza hala esan dute; motza egin zaiela".

Gidoilari

Jakina den bezala, telebistan lan  egiten du billabonatarrak: "Pantailan agertzen naiz azken urteotan, baina urte asko daramat pantailaren atzealdean lanean, telebistarako gidoiak idazten. Modu patxadatsuagoan idazteko gogoa nuen, nire ideiak eta burutapenak garatzeko. Nobela honek horretarako aukera eman dit". 

Bere lanerako modua zein izaten den ere azaldu zuen aurkezpenean: "Duela 13 hilabete hasi nintzen. Ez dakit jendeak sinestuko duen, baina oso sistematikoa naiz idazten. Goizeko seiretan jaikitzen naiz, ordubiak arte idazten aritzen naiz eta gero zuzenketak egiten ditut. Horixe da nire egunerokotasuna. Liburua idazteko, eskema bat egin nuen lehendabizi eta pixkanaka liburuari forma ematen joan nintzen".

Bigarren edizioa

Elkar argitaletxeak argitaratu du 'Bisita' nobela eta eskertuta agertu da Mikel Pagadi: "Eskerrak eman nahi dizkiet nigan jarritako konfiantzagatik. Baita irakurle guztiei ere, noski. Liburuaren lehen edizioa bederatzi egunetan agortu da eta bigarrena martxan da dagoeneko". Amasa-Villabonako aurkezpenera eramandako ale guztiak ere azkar batean agortu ziren. 

Durangoko azokan egongo da Mikel Pagadi. "Bi egunetan joateko eskatu didate, eta hantxe egongo naiz, oso gustura. Ilusioz bizitzen ari naiz hau guztia". 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 660 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!