Herriko bi ikastetxeekin batera jarri dute abian jostailu bilketa kanpaina. Aste honetan ari dira bilketa egiten Fleming Herri Eskolan, aurreko asteetan burutu dute Zubimusu ikastolan.
Julen Zelarainek hartu du hitza Elkartasun Sarearen izenean: "Herriko ume guztiek Olentzeroren bisita izan dezatela da helburua. Joan zen urtean Gaztetxearen laguntza izan genuen bilketa hori egiteko garaian eta, arrakasta handia izan zuen. Esan dezakegu ume guztiek jaso zutela euren jostailua". Aurten, Zubimusu ikastolak eta Fleming herri eskolak euren burua eskaini dute bilketa egiteko.
Fleming herri eskolako Jexus Quesadak hartu du hitza: "Eskerrak eman behar dizkiogu Elkartasun sareari bilketa antolatzegatik ,eta baita Amasa-Villabonako komunitate osoari, jostailuak ekartzeagatik. Ilusioa da ekimen honen atzetik dagoen beste hitz gakoa. Jostailuak jasotzen dituzten haurrek ilusioz bizi dute noski, baina baita ekimenean parte hartzen duten familia guztiek ere".
Aste honetan zehar ari dira jostailuak jasotzen Fleming herri eskolan. "Elkartasun Sarearen eskuetan jarriko ditugu gero eta haiek bideratuko dituzte beharra duten familietara", azaldu du Jexux Quesadak.
Zubimusu ikastolako ikasleak ere gerturatu dira agerraldira. "Behar gehiena dutenei zuzenduta, jostailu eta baserritar jantziak bildu ditugu. Jostailu asko bildu ditugu eta Elkartasun Sarearen biltegira eraman ditugu. Espero dugu herriko familia guztiek gabon zoriontsuak pasatzea eta gure ekarpenak horretan laguntzea".
Julen Zelarainek ekimenaren bi helburu nagusiak aipatu ditu: "Orainari lotuta, familien beharrak asetzea da helburua, ume guztiek euren jostailuak izan ditzatela. Etorkizunari begira, bi komunitate oso ari dira jostailu bilketan parte hartzen. Jende kopuru handia inplikatzen du horrek, eta sentsibilizazioa sortzeko modua da hori".
Abenduaren 20an egingo dute bilketaren balantzea. "Dagoeneko bermatua dago ume guztiek jasoko dituztela jostailuak. Abenduaren 20a eta 24a bitartean banatuko ditugu familietara eta, soberakinekin, azoka antolatuko dugu Irrika taldearekin elkarlanean, udaberri inguruan".
Berrerabilpena, ekonomia zirkularra... beste helburu batzuk ere betetzen dituela aipatu du Julen Zelarainek bere agerraldia amaitzeko.