Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaituta, oraindik aje betean, egingo al zeniguke balorazio orokorra?
Txapelketa honi begira, banuen neure buruaz seguruago sentitu eta beste kokapen batetik kantatzeko gogoa. Nik esan nahi nuen horretara gerturatu nahi nuen eta zentzu horretan, nahiko gustura geratu naiz. Saioz saio, ideiei lekua ematen saiatu naiz eta nahiko pozik geratu naiz. Txapelketak badu berekin beste alderdi bat; zozketa bidez erabakitzen da, adibidez, kantatzeko hurrenkera eta horrek eragin zuzena izan dezake. Gora-behera horiez gain, nik egindako ahaleginarekin gustura geratu naiz.
Denboran pixka bat atzera eginez, nola bizitu zenituen finalaren aurreko egunak? Nola kudeatzen duzu egun horietako tentsioa?
Egia esan, batzuetan ez daukat bertsoari nahiko nukeen adinako lehentasuna ematerik. Egunerokotasunak beste lan eta exijentzia batzuk ekartzen ditu eta ahal dudana eskaintzen diot bertsoari. Aritzen naizenean, arreta ondo kokatuta eta ahal dudan guztia eskaintzen saiatzen naiz. Aurreko astean zehar oso lanpetuta ibili nintzen eta, ahalik eta freskoena iristen saiatu nintzen, baina aitortu beharra dago lo gutxi eginda nengoela.
Itzul gaitezen finalera. Puntu erdiagatik ez zinen buruz burukora sailkatu. Zein sentipen sortzen dizu horrek?
Saioaren momentu batean sinetsi egin nuen buruz burukoan abesteko aukera izan nezakeela. Aukera hori hortxe izan nuen eta oso pozik nago horregatik. Buruz burukoan kantatu egin nahi nuen, noski, hori ukaezina da.
Bakarkako saioan, ordea, ez nintzen oso gustura aritu eta hor sentitu nuen kanpoan geratuko nintzela. Izenak esan zituztenean, beraz, ez nintzen harritu. Gerora jakin nuen puntu erdiagatik geratu nintzela kanpoan eta, pena baino gehiago, poza eman zidan. Izan ere, momentu hori iritsi arte ez nekien buruz burukotik oso urrun geratu ote nintzen edo ez. Hain gertu izateak lasaitasuna eman dit.
Finalean egokitu zitzaizkizun gaien inguruan, zein sentsazio izan zenuen?
Zortzigarren postuan abestea egokitu zitzaidan, eta horrek badakar lan erantsia. Tenpleari, egoerari eta zeure buruari eustea egokitzen zaizu. Neurri librekoan nahiko lurtarrak iruditu zitzaizkidan gaiak. Posizio bat bestea baino errazagoa zen, eta niri kosta egin zitzaidan nire papera ikusten. Bilaketa lan handia egin behar izan nuen. Finaleko ariketa puntuatuena zen gainera, eta aldapan gora nindoala iruditu zitzaidan. Lan handia egin behar izan nuen.
Puntu erantzunetan gai politak izan ziren, eta hamarreko txikiko gaia asko eskertu nuen. Anerrekin egindako ariketa hori oso ondo joan zela iruditu zitzaidan. Bakarkako ariketa, ordea, kosta egin zitzaidan. Ikerlariaren paperean aritu behar nuen. Zortzigarrena izatean, pentsatu nuen euskara, tortura, gatazka... bezalako gaiak aurrekoek jorratuko zituztela eta, ahalegina egin behar izan nuen beste esparrutxo bat aurkitzen. Ariketa amaitu ondoren jakin nuen beste gaia kazetaritzari lotutakoa zela. Niretzat egokiagoa litzateke, baina, hala ere, pozik nago egindako lanarekin.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 661 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.