Abenduaren 5ean egin zuten bidegorri berriaren aurkezpen ekitaldia, obrak hasi dituzten puntuan. Bertan ziren Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkatea; Gorka Murua, Irurako alkatea eta Jose Ignacio Asensio, Jasangarritasunerako Gipuzkoako diputatua.
Aspaldiko eskaria
Agerraldian, hitza hartu zuen Beatriz Unzue Villabonako alkateak: "Amasa-Villabonarentzat oso garrantzitsua da Amasa-Villabona eta Irura lotuko dituen bidegorria eraikitzeko lanak hastea, urteetan zehar egindako eskaera bati erantzuten baitio. Bi herrien arteko lotura honek eguneroko mugikortasun ohiturak aldatzeko aukera ekarriko du, batez ere industrialdera lanera joaten direnentzat, modu seguru eta jasangarriagoan mugitzeko aukera eskainiz. Gainera, aisialdirako baliabide berria izango da herritarrentzat, ibilaldi eta paseorako ingurune egokiagoa sortuz". Duela bi aste hasi ziren azpiegitura horretako obrak, eta 1,83 kilometroko luzera izango dute.
Arrapala
Amasa-Villabonako gasolindegitik eta beilatokitik igaroko da bidegorri berria, 34 eta Ibaiondo industrialdeak zeharkatuz. Inguru hartan hasi dituzte, hain zuzen, lehen eraikitze lanak. Irurako ikastolaren ingurutik igaroz, Irurako herrigunera iritsiko da. Bidegorriaren zati batzuetan, txirrindulari-oinezkoek partekatu egingo dute trazatua eta beste zati batzuetan, bereizitako ibilbideak izango dituzte. Gainera, N-1 errepidea modu seguruan zeharkatzeko aukera emango duten arrapalak eta pasabidea eraikiko dituzte. Arrapala berria eraikiko bada ere, gaur egun dagoen oinezkoen pasabidea bertan geratzea aurreikusi dute.
N-1 errepidearekin paraleloan joango da bidegorria. Zaratatik babesteko panelen eskaera egina dutela azpimarratu zuten Murua eta Unzue alkateek, "baina momentuz ezezkoa jaso dugu. Autobide bazterreko babesetatik tarte batera ezin da ezer jarri, horiek tolesteko duten joeragatik».
Aurrekontua
Lanek 11 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten dute eta 2.413.108,05 euroko esleipen-aurrekontua dute. Girder Ingenieros enpresak diseinatu du proiektua, Asmaturen obra-zuzendaritza izango du eta Campezo izango da eraikuntza enpresa.
Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 661 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.