Lan asko eta elkartasun handiko jaialdia

Irune Alfonso 2024ko abe. 19a, 14:00

"Bada garaia gauzak aldatzeko" lemapean, Xuhar Pazosen aldeko elkartasun jaialdia ospatu zen, pasa den larunbatean Amasa-Villabonan. Joaldunak, omenaldi ekitaldia, eta kontzertuak izan ziren herrian

Iturengo joaldunekin hasi zen festa Amasa-Villabonan. Hasiera arratsaldeko 15:30ean eman zitzaion eta joaldunak, haur zein heldu, Errebote plazako karpatik aterata, herrian barrena ibili ziren, plazaz plaza eta Kale Nagusian barrena pare bat buelta emanez. Jarraian, karpa barrura sartu ziren eta Iturengo joaldunek Xuharri oparia eman zioten. Xuharren familiaren sustraiak Iturengoak izanik, ilusio berezi eta poz handiarekin jaso zuten detailea.

Jarraian, bertso batek eman zion hasiera elkartasun jaialdiari. Antolakuntzaren argibide mezuak zein boluntarioei luzatutako eskertzaren ondoren, kontzertuei ekin zieten. 

Lehen kontzertua hasi zenetik jaialdiaren amaierara arte, jende mordoa izan zen karpa barruan, baita kanpoan ere. 1200 pertsona inguru gerturatu zen jaialdira puntu ezberdinetatik, hala nola, Donostiatik, Azpeitiatik, Arbizutik eta beste hainbat eta hainbat txokotatik. 

20:15ean omenaldi ekitaldia egin zuten. Antolatzaileek balioztatu zuten otsailetik abendura bitarte Xuharri hainbat omenaldi eta aipamen egin zaizkionez, elkartasun jaialdi honetan, oro har, biolentzia poliziala jasan duten biktimengan zentratzea.

Xuhar herri plataformako kideek aipatu zutenez, eszenatokira ezin izan zuten biolentzia poliziala jasan duten biktima guztiek igo, horregatik biktima guztien ordezkaritza modura honakoak igo ziren:

 Iñigo Cabacasen ordezkaritzan haren lehengusua eta laguna. Cabacas 2012ko apirilean, Ertzaintzak jaurti zuen eta buruan jaso zuen pilotakadaren ondorioz hil zen. 

 Aingeru Zudaire; 2012an Iruñako  greba orokor bateko manifestazioan begi batetik itsu geratu zen,  polizia nazionalaren pilotakada batengatik. 

 Amaya Zabarte; aurtengo martxoan, Real Sociedad-PSG partida ikustera zihoala, pilotakada eta ertzain baten ostikada jaso zituen Anoeta kanpoaldean, larri zaurituta utziz. Joseba Novoa senarrarekin batera igo zen eszenatokira.

 Bestetik, Esther Quintana, 2012an Eskuadra Mossoen pilotakada jaso eta begia galdu zuen; Roger Español, 2017an Polizia nazionalak jaurtitako pilotakadaren ondorioz begia galdu zuen; eta Carles Guillot, 2021ean Polizia nazionalaren pilotakadaren ondorioz begia galdu zuena, igo ziren.

Hiru hauek, Kataluniatik etorritako "Stop balas de goma" eta "Ojo con tu ojo" elkarteko kideak dira eta Katalunian pilotakadaren ondorioz begia galdu edo hil diren jendearen jarraipena egiten dute munduan barrena indarkeria poliziala salatuz.

Bestetik Amasa-Villabonara etorrita, Remi Ayestaranen ordezkaritzan haren anaia eta ama, Mikel Ayestaran eta Margari Olano igo ziren; 2009an bihotzekoak jota hil zen Ertzainekin liskarra izan ostean. 

Eta, azkenik, Xuhar Pazos aurtengo iñauterietan Ertzaintzaren pilotakada jaso ondoren begitik itsu dagoena igo zen. Beraiekin batera, Eider; Xuharrek pilotakada jaso zuen egun beran Eiderrek ere beste bat jaso zuen buruan. Ondorio larririk ez zuen izan. 

Jaialdiko antolatzaileek azaldu zutenez, Eiderrek bere umiltasunetik ez zuen omendua izan nahi, horregatik, omentzeko erabili zituzten Xuhar herri plataformako zapiak biktimei jartzeaz arduratu zen bera. Alabaina, eskerrak eman zizkioten antolatzaileek eta Xuhar Pazosen gurasoek zapia jarri zioten. 

Jarraian, Jontxu, Xuharren aitak hartu zuen hitza antolatzaileei, boluntarioei eta jaialdira gerturatu ziren guztiei eskerrak emateko.  

Jarraian, kontzertuekin jarraitu zuten. 

Balorazio ekonomikoari dagokionez, oraindik ez dakite zehazki zenbatekoa izan den lortutakoa, baina helburura iritsiko diren ustea dute antolatzaileek. 

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri 661 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!