Gabonetako Azoka Berezia, Erniobea institutuko kideen eskutik

Aiurri 2024ko abe. 20a, 13:07

Goizean goizetik nabarmena zen mugimendua Villabonako Berdura plazan. Izan ere, Erniobea institutuko kideek azoka berezia egin dute bertan, eta buru-belarri egin dituzte prestaketa lanak. Baserriko produktuak, gozoak, ukenduak... denetarik eskaini dute. Goizean zehar, gainera, beste hamaika ekitaldi egin dute: kantujira, toka txapelketa, mus saioa, sokatira, dantza... etab.

Giro bikaina sortu dute gazteek plaza inguruan. Gela bakoitzak bere postua atondu du eta bertan eman dute goiza, bertaratutako produktuak saltzen. Zaparradaren bat edo beste bota badu ere, aterune luzeak ere eskaini dizkie goizak, eta giro polita sortu da Berdura plaza inguruan.

Giro hori herrian barrena zabaltzeko, 10:00ak aldera kalez kale abiatu dira trikiti eta pandero doinuekin batera, kantujira egiteko asmoz. Plaza inguruan berriz, mus txapelketa, toka txapelketa, sokatira saioa eta dantza izan dituzte, besteak beste. Pintxo goxoak ere dastatu dituzte. Salmenta polita eginda, laster itxiko dute Gabonetako azoka berezia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!