Lorezainen konpartsa maiatzean, Oinkariren urteurrena ospatzeko

Aiurri 2025ko urt. 13a, 11:10

Maiatzaren 10ean ospatuko da Lorezainen konpartsa eta, otsailean bertan hasiko dira entseguak. Otsailaren 8an hasita, larunbatero elkartuko dira Txermingo ikastolako ganbaran. Dantzak bikoteka izango dira eta izen-ematea banaka edo binaka egin daiteke.

Aurtengo azaroan Oinkari Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu eta horren harira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira: txokolatada, dantza-poteoa, "50 urte dantzan" ikuskizuna...

Ekitaldi  gehienak azaroan izango diren arren, maiatzaren 10ean, larunbata, Lorezainen Konpartsa egingo dute eta horretarako entseguak otsailean hasiko dira. 

Goian aipatu bezala, maiatzaren 10erako egun-pasa borobila antolatu du Oinkari taldeak. Goizean, herriko kaleak musikaz eta dantzaz alaituko dituzte eta parte-hartzaileen bazkariaren ondoren, Errebote plazan egingo dute emanaldia. 

Hiru modutara parte hartu ahal izango da konpartsan: dantzari, danbor-jole edo pertsonaia moduan.

Dantzarien kasuan, entseguak larunbatetan izango dira Ikastolako Ganbaran 10:00etatik 12:00etara, otsailaren 8, 15, eta 22an, martxoaren 8, 15, eta 29an, apirilaren 5 eta 12an eta maiatzaren 3an. Dantzak bikoteka izango diren arren, bikoterik ez dutenen kasuan, antolakuntza saiatuko da dantza-laguna lortzen.

Danbor-joleek berriz, entseguak larunbatetan izango dituzte 11:00etatik 12:00etara Aljiben, martxoaren 8an hasita. Pertsonaiek, berriz, lehen elkarketa apirilaren 5ean izango dute 12:00etan Ikastolako Ganbaran. Kasu guztietan, izen-emateak lehen entsegu egunean izango dira eta dantzari eta danbor-joleen kasuan, parte-hartu nahi dutenek 16 urte beteta izan beharko dituzte. 

Dantza taldearen urteurrenaren harira sortutako ekitaldia bada ere, parte-hartzea erabat zabala izatea nahi dute Oinkariko kideek, herrikoia. Beraz, saltsarako gogoz dagoen herritar orori egiten diete dei parte har dezan eta anima dadin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!