"Areto gustagarria da aljibea, bai taldeentzat bai entzuleentzat"

Ainhoa Gil 2025ko ots. 7a, 14:17

Guztira 66 kontzertu antolatu ditu Sahrijai elkarteak, bost urteko ibilbide aberatsean. Aiurri

Ospakizunetan murgilduta dago Sahrijai elkartea. Kultura sustatzeko sortutako elkarteak bost urte bete ditu eta orain arteko ibilbidearen inguruko  berri eman dute elkarteko hiru kidek.

2020ko otsailean  jarri zen martxan Sahrijai elkartea. Herriko kultur eskaintza aberastu eta gazteen arteko dinamika sortzea zen helburu nagusia. Bost urteko bidea egin dute dagoeneko, eta elkartea bizi-bizirik eta indartsu dago. Irune Alfonso, Jon Mujika eta Aitor Otegi kideak elkartu dira, orain arteko bidearen errepasoa egin eta etorkizunera begira jartzeko. 

Hilabeteko lehen ostiraletan  antolatzen dituzte kontzertuak: "Kontzertuetara etortzeko ohitura sortu nahi genuen eta horregatik erabaki genuen maiztasun finkoa ematea. Kostatzen ari zaigu herritarrengan ohitura hori sortzea. Urrutiagotik etortzen den jendea errazago erakarri dugu eta pozgarria da, baina herritarrengan ohitura hori sortzea lortu nahi genuke", azaldu du Irune Alfonsok. "Ez dugu erabat asmatu horretan. Badira herritar batzuk ohitura hartu dutenak, baina gehiago zabaldu nahi genuke. Kontzertuetara gerturatzen direnen gehiengoa beste herrietatik etortzen den jendea izaten da", azpimarratu dute.

Zaletuen bilgune

Urrutitik gerturatzen dira musika zaletuak aljibeko kontzertuetara: "Bartzelonatik, Zaragozatik, Kantabriatik, Durangotik, Donibane Garazitik... puntu ezberdin askotatik etorri izan da jendea. Horrelakoetan, aurrez jartzen dira gurekin harremanetan, sare-sozialen bitartez, eta sarrerak gordetzeko eskatzen digute. Oso pozgarria da mugimendu hori badagoela ikustea. Nolanahi ere, herritarrak animatu nahi genituzke hileko lehen ostiraletan aljibera etortzera".

Autogestioa

Herriari zuzendutako ekimena da Sahrijai, eta autogestioa dute oinarri. Hori horrela, herritarren laguntza ere izaten dute: "Behar dugunean, beti dago laguntzera etortzeko prest dagoen herritar talde bat. Musika eskaintza zabala dugu hemen, eta nik uste jendeak eskertu egiten duela, horregatik aurkezten dute beti laguntzeko prestutasuna. Esan beharra dago Villabonako kultur eskaintza oso ona dela. Indar handia du antzerki eta bestelako ikuskizunen aldetik, baina musika arloan hutsunea zegoela iruditu zitzaigun, eta horregatik abiarazi genuen Sahrijai. Zuzeneko musika eskaintzen da eta zenbait herritarrek eskertu egin du aukera hori". 

Otsailaren 7an hileko lehen ostirala izanik,  Zilibito record eta Mr.luken taldeen kontzertuak izango dira. 

Dinamika hartuta, etorkizunean ere bide berari eusteko asmoa dute Sahrijai elkarteko kideek: "Herritarrak gerturatzea da gure helburua eta horretan saiatuko gara. Musika kontzertuak antolatzen jarraituko dugu. Beste zenbait ekimen antolatzea ere ez dugu baztertzen; performanceak, bakarlarien saioak... oraindik ez dugu pauso hori eman, baina aljibeak horretarako aukera eman dezakeela iruditzen zaigu. Etorkizunak esango du".

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 664 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!