Piano jaialdia, otsailaren 22an Villabonan

Ainhoa Gil 2025ko ots. 16a, 16:13

Loatzo Musika Eskolak Piano Jaialdia antolatu du Villabonan, otsailaren 22rako.  Guztira 55 piano jotzaile arituko dira Gurea aretoan, goizeko 10etan hasita. Loatzo Musika Eskolako piano-jotzaileekin batera, Hernaniko udal musika eskolakoak eta Zegamako Toberako ikasleak ere arituko dira.

Andoaingo Piano Jaialdia amaituta, EHME Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteak hartu zuen jaialdia antolatzeko lekukoa. Euskal Herriko herri ezberdinetan, otsailaren 22 eta 23ko asteburuan hainbat jaialdi burutuko da, tokian tokiko musika eskolen antolatuta.

Loatzo Musika Eskolak hartu du topaketa horietako bat antolatzeko ardura eta Villabonako Gurea aretoan egingo dute, otsailaren 22an. Loatzo Musika Eskolakoekin batera Hernaniko udal musika eskolakoek eta Zegamako Toberakoek hartuko dute parte.

Maitane Arretxe irakasleak azaldu duenez 55 piano jotzaile izango dira bertan. Horietatik 17 izango dira Loatzoko ikasleak, adin guztietakoak. Bi saiotan banatuko da jaialdia: 10:00etan hasiko da lehenengoa eta 11:30ean bigarrengoa.

Herritarrei bertara azaltzeko gonbita luzatu diete Loatzo musika eskolakoek «Aukera ederra izango da zuzenean piano jotzaileak ikusi eta entzuteko», esan du Arretxek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!