Neguko traitloiko Euskal Herriko txapeldun izan da aurten Ainhoa Mendia Etxabe billabonatarra. Ume zela txirrindularitzan hasi zen eta, oso gaztetxotan animatu zen triatloiekin. Kirol ezberdin asko egiten baditu ere, triatloia du kuttuna.
Noiz murgildu zinen kirol-munduan?
Hamabi urte nituela, Villabonako Irrintzi taldean eman nuen izena. Neska talde bat animatu ginen bolada hartan. Kirolari gisa zerbait banaiz, Irrintziri esker izan dela esango nuke. Hamasei urte inguru nituenean utzi egin nuen txirrindularitza, baina denbora tarte txikia egin nuen kirolik egin gabe. Tolosaldeako Triatloi taldean hasteko aukera eskaini zidan Dina Bilbao zenak eta heldu egin nion. Ordutik eta gaur arte, beti egin izan ditut triatloiak. Izugarri gozatzen dut. Triatloia da nire pasioa, bere modalitatea guztietan.
Geroztik ez duzu etenik egin kirolean...
Bolada batzuetan gutxixeago, beste batzuetan gehiago..., beti egin dut kirola. Neguko triatloiak asko gustatzen zaizkit eta nire egutegian mantendu ditut. Oso gogorrak dira, baina xarma berezia dute. Udako triatloietan ere asko gozatzen dut. Duatloiak berriz ez ditut horrenbeste atsegin. Gogorragoak dira, agresiboagoak. Urtean zehar bat edo beste egiten dut, baina askoz ere gehiago gustatzen zaizkit triatloiak. Reinosakoa, Baqueira Beret-ekoa, Jakakoa... asko egin ditut. Isaba eta Ansokoa ere oso politak eta gogorrak ziren, baina aurten ez dira egin. Isabakoa berta behera geratuta, Reinosan egin da Euskal Herriko txapelketa, Españakoarekin batera. Iron Man-a ere egin nuen 2013an Gasteizen eta ikaragarrizko esperientzia izan zen. Prestaketa luzea eskatu zidan eta, gozatu egin nuen. Reinosako triatloia, Lekeitiokoa, Isabakoa... horiek nabarmenduko nituzke nire kuttunak bezala. Bereziki gogoan dut 2023ko Lekeitioko triatloian, ekaitzpean amaitutako proba. 2018an lortu nuen nire txapel bakarra, Euskadiko txapeldun izan nintzen urte hartan. Hori ere gogoan dut, noski.
Neguko triatloiak amaituta, nola dator udaberria?
Hemendik aurrera udako triatloiak hasiko dira. Nire helburua sprint modalitateko triatloiak egitea da: 750 metro igeri, 20 km. bizikletan eta 5 km. korrika. Oso politak dira. Azken urtetan, distantzia olinpikoan ere parte hartu izan dut (1500m, 40 km, 10km). Aurten, Donostiako Onditz progan parte hartu nahi nuke.
Horrez gain, mendian ibiltzea ere asko gustatzen zait eta aurten gehiago ibili nahi nuke.
Zizurkil eta Andoaingo duatloiak izango ditugu udaberrian. Haietan ateratzeko asmorik ba al duzu?
Lehen esan bezala, duatloiak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Etxetik hain gertu izanda, Andoaingoan parte hartuko dut ziurrekin. Lagun batekin eta alabarekin batera egingo dut ziurrenik, baina argi dut azkenetakoak izango garela. Zizurkilgoa berriz, urtero egin izan dut, baina aurten lana egokitzen zait eta, penaz, ziurrenik ez naiz aterako.
Etorkizunari begira, zein da zure asmoa?
Ahal dudan arte jarraituko dut, horretan ez dut zalantzarik. Gauzak nire erara egiten jarraitu nahi dut, aldarrikapen punttu bat ere emanaz. Izan ere, nire gorpuzkera ez da ohiko triatleta batena, ez daukat gorputz fina eta horren ondorioz, begiratu arraro batzuk ere sumatu izan ditut. Nire buruarenganako segurtasuna oso landuta daukat eta hori guztia gainditua dut. Beste parte-hartzaileek bezala, triatloiak hasi eta bukatu egiten ditut, gozatuz, eta aurrerantzean ere halaxe egiten jarraitu nahi dut.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 666 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.