First Lego League-en izan da Fleming Herri Eskola

Ainhoa Gil 2025ko mar. 12a, 08:08

Ekai Zubeldia, Precious Ehigie, Ondarru Lanpre eta Lide Campos, Gorka Kamio irakaslearekin. aiurri

First Lego League-en lehiatu dira Fleming Herri Eskolako 5. eta 6. mailako gazteak. Esperientzia ahaztezina bizitzeaz gain, saria ere ekarri dute besazpian: gazte promesa saria. 

Eskolako kurrikulumean txertatuta daukate First Lego. Urte osoan zehar lantzen dute gaztetxoek robotika eta programazioa. "Bi arlo horietan trebatzeaz gain, beste hainbat gauza lantzeko aukera ematen digu; matematika, irudimena, taldean lan egiteko gaitasuna, aurkezpenak prestatu eta jendaurrean aritzeko trebetasuna...", azaldu du Gorka Kamio irakasleak.

Gaia: itsas-azpia

First Lego League-ak gai ezberdinak planteatzen ditu urtero. Aurtengoa itsas-azpian oinarritu dute eta, gai horren inguruko lanketa ezberdinak egin behar izan dituzte ikasleek. "Alde batetik, zuzenean robotika eta programazioari lotutako erronka dago eta bestetik, itsas-azpiaren inguruko proiektu bat garatu du gela bakoitzak. Bosgarren mailako bi gelen artean tribial jolasa sortu dute, itsas-azpiari lotutako galderez osatuta; kontserbazioa, animaliak, sakorena abisalak... gai ezberdinak landu dituzte. Seigarren mailako gela batek plastiko eta mikroplastikoen gaia aztertu du eta beste gelakoek itsasontzi bat sortu dute, plastikoen gaia ere landuz", azaldu du. 

First Lego Leaguen parte hartu duen ikastetxe publiko bakarra izan da Fleming Herri Eskola, eta haiek izan dira aurtengo parte-hartzailerik gazteenak. Jexux Quesada zuzendariak azaldu duenez, "guraso batek bere burua eskaini zuen eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzeko, eta halaxe hasi ginen. Ekimenak onura handiak izan zitzakeela ikusi genuen. Diru-laguntza bat ere jaso genuen eta, kurrikulumean txertatzea erabaki genuen". 

Misioak

Robotika eta programazioari lotuta, "misio ezberdinak bete behar ditugu. Lehendabiziko lana pieza ezberdinak sortzea izaten da eta hori da, agian, lanik errazena. Gero, robota sortu eta programatzen hasten gara. Mahai handi batean, erronka ezberdinak betetzen joan behar du sortutako robotak eta horretarako, ordenagailuz programatzen dugu", azaldu dute Precious Ehigie eta Ondarru Lanpre ikasleek. 

Egun ederra pasa zuten Donostian: "Misioak egiteko bi minutuko hiru tanda genituen, eta lehendabizikoan oso urduri egon ginen. Gero lortu genuen pixka bat lasaitzen joatea. Aurkezpenekin ere sumatu genuen urduritasuna. Hala ere, egun ederra izan zen", azaldu dute Lide Campos eta Ekai Zubeldia ikasleek. 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 666 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!