Oinkari dantza taldearentzat urte handia izaten ari da 2025a; izan ere, 50. urteurreneko ospakizunen prestaketetan murgilduta baitabiltza. Ospakizun bereziez gain, urteroko hitzorduei eutsi die taldeak, eta datorren larunbatean, dantzari eguna ospatuko dute.
Kalejira
Egun polita izaten da. Goizeko 11:00etan bilduko dira dantzari gaztetxoak Arroa plazan, eta kalejiran abiatuko dira bertatik, musikaz lagunduta. Dantza saio ezberdinak eskainiko dituzte herrian zehar, geldialdi laburrak eginez.
Goizeko 11:00etan bilduko dira dantzari gaztetxoak Arroa plazan
Musika, kolorea eta dantza giroa zabalduko dituzte Villabonako kaleetan barrena, larunbat goizeko herri-giroa bizitzeko, aukera bikaina. Ikasturtean zehar ikasitakoa herritarrei erakusteko aukera izaten dute dantzari gaztetxoek.
Errebote plazan
Kalejira amaituta, Errebote plazan elkartuko dira Oinkari dantza taldeko gaztetxoak. 12:30etan hasita, emanaldi koloretsua eskainiko dute bertan.
12:30etan hasita, emanaldi koloretsua eskainiko dute Errebote plazan
Esan bezala, ekimen eta ekitaldiz betetako urtea bizitzen ari da Oinkari. Ohiko emanaldi, ikuskizun eta lehiaketez gain, urteurreneko ospakizunen prestakuntzan murgilduta dabiltza, buru-belarri. Larunbat goizetan lorezainen konpartsarako entseguak egiten dituzte ikastolako ganbaran. Maiatzean plazaratuko dute konpartsa. Azaroa berriz, ekitaldiz lepo betetzen ari dira. Ez alferrik, azaroaren 20a jotzen baita Oinkariren jaiotze-eguntzat.