56. ediziora iritsi da dagoeneko Villabonako mendi ibilaldia. Martxoaren 30ean egingo da aurtengoa. 07:00etan abiatuko dira ibilbide luzeko parte-hartzaileak, 08:00etan motza aukeratzen dutenak.
Bi ibilbide aukeran
Villabonatik abiatu, eta Adunako Lepasoro aldera hatuko dute ibiltariek, handik Zizurkilgo Ezkeltzu mendira igotzeko. Horixe izango da ibilbideko lehen tontorra. Andatzara igo ondoren, Belkoain aldera egingo dute eta Basopetan behera jaitsita, Amasa-Villabonara itzuliko dira ibilbide motza aukeratzen duten parte-hartzaileek. 22 kilometroko bidea izango dute guztira, eta 1100 metrotako desnibela.
Ibilbide luzea aukeratzen duten ibiltariek berriz, Basopetatik Santa Barbara aldera egin beharko dute. Hernanirik igarota, Onddi aldera hartu eta Zorroztarri ingurutik, Adarrara igoko dira. Handik, Otita eta Lastur zeharkatuta, Villabonara itzuliko dira.
Azpiegitura
Ibilaldia amaitutakoan, Villabonako Olaederra kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek eta kontsigna zerbitzua ere antolatzen du Aizkardi mendi taldeak, motxilak eta aldagarriak gorde ahal izateko. Jan-edanak norberaren kontu izaten dira beraz, garrantzitsua da beharrezkoak aurrez ondo antolatu eta neurtzea.
Horrez gain, urrutiagotik datozen parte-hartzaileengan ere pentsatzen dute Aizkardi Mendi Taldeko antolatzaileek. Izan ere, bezperan Villabonan lo egin nahi dutenentzat gela bat prestatzen baitu antolakuntzak, koltxonetez hornituta. Zerbitzu hau erabili nahi dutenek, aurrez antolakuntzari jakinarazi behar diote telefonoz (649 717182 ) edo e-mailez: ibilaldia@aizkardi.com.
Informazioa
Probaren inguruko informazio osoa zintzilikatuta dago www.aizkardi.com gunean. Bertan aurki daitezke bi ibilbideen mapak eta track-ak, ordutegiak, gomendioak eta oharrak. Nolanahi ere, informazio gehigarriren bat jaso edo edozein zalantza argitu nahi izanez gero, 649 717182 telefono zenbakira dei daiteke, astelehenetik ostiralera, 20:00etatik 21:30etara.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 667 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.