Amasa, aztarnategi garrantzitsuen eremu

Xabier Lasa 2025ko api. 26a, 08:00

Jesus Bidaola, Jose Luis Iraola, Karlos Almortza, Jon Aldaia (zeramika zatia eskuetan) eta Joanes Karrera. Aiurri

Jon Aldaia Aranzadiko arkeologoak Amasako aztarnategi desberdinetan aurkitu dituzten balio handiko aztarnen gaineko hitzaldia eman du berriki Subijana etxean. Tartean, Burdin Aroko zeramikazko ontzia aurkitu dute

Jon Aldaia Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak “Amasako historian barrena: Burdin Arotik-Erdi Arora Aranerrekako Harpean" izenburuko hitzaldia eman zuen Subijana etxean. Amasan, Aranerrekako harpeako aztarnategian azken bi urtetan egindako indusketetan aurkitutako material interesgarrien berri eman zuen, hain zuzen. Burdin Aroko eta Goi Erdi Aroko garaikoak dira topatu dituzten aztarnak (zeramika puska batik bat), eta hitzaldian jendaurrean jarri zituzten.

Amasan egindako beste zenbait esku-hartze arkeologikoen gainean ere mintzatu zen Aldaia: Garmendiko koba, Erretenazpiko koba, edota, Irañetako tumulua (Loatzo mendia), hain zuzen ere. Bestalde, iazko ekinaldian, ikerlari taldeak, Alustiza baserritik Loatzora bidean dagoen ‘Sansonen hankazuloa” miatzeko aukera eduki zuen. 

Bi urtetako indusketetan Jon Aldaia, Joanes Karrera, Karlos Almortza, Amaia Arranz, Andoni Mateo, Aloña Aldasoro, Jesus Bidaola eta Jose Luis Iraola arkeologoak eta boluntarioak aritu dira.

Jon Aldaiak, Amasako lurretan esku-hartze arkeologikoa bi urtetako epean egin ostean, ziurtatu zuen oso nabarmena dela bere ondare arkeologikoa. Iragarri zuenez, 2025ean hirugarrengo saioari ekiteko asmoa daukate, “ea emaitza oparoak lortzen ditugun!”.

Aranerrekako harpean, hainbat aztarna

Aranerrekako harpean gizakien bi okupazio maila bereizi dituztela adierazi zuen, eta bietan dauden sutondoen arrastoen ondoan aurkitu dituztela aztarna arkeologikorik gehienak. Horrela, garai historiko desberdinetan (Burdin Aroan eta Erromatarren garaian) gizakiak hor ibili zirela baiezta dezakete aztarna horiek.

Lehenengo mailan, topatu dituzten hezurrezko ziriari eta zeramika puska bati Karbono-14aren bidezko datazioa egin diete, eta atera duten ondorioa da “Goi Erdi Aroko gizakiaren bizitokia izan zela hori, Kristo ondorenetik 500 bat urtera, edo bestela esanda, gaurtik hasita, 1.500 urtera”.

Nahiko arraroa dela maila hori, esan zuen. “Gipuzkoan oso okupazio gutxi ezagutzen ditugu antzekoak; kronologia horretan, bakarrik Zarautzen Santa Maria la Real eliz azpiko aztarnategian. Goi Erdi Aroan, VIII. mendetik aurrera, jada etxolak atzean utzi, eta bestelako egitura sozialak eta herrixkak eraikitzen hasten dira. Eta juxtu aurkitu duguna, prozesu historiko horren aurrekoa da. Oso garai gatazkatsua izan dela esan izan da, baina gure inguruan ez dakigu ia ia ezer; batez ere Kantauriko Isurialdean”.

Balio handiko zeramika

Aranerrekako Harpean gizakien bigarren okupazio mailan egin dituzten aurkikuntzek are garrantzia handiagoa dutela ziurtatu zuen Aldaiak. “Topatutako aztarnen artean, deigarrienak eskuz egindako zeramikazko eltze handi baten zatiak dira. Ontzia oso egoera onean kontserbatuta dago eta gai izan gara hauetako zati ugari berreraikitzen, bere profilaren gehiengoa berreskuratuz”. 

Ontzia tamaina modernokoa da; 30 zm. ditu bere ahoak, eta 40 zm. luzerak, eta apaingarriekin ageri dira bertan. Dekorazio bereko zeramikak “Anoetako Basagainen topatu izan dira antzekoak. Sukaldeko sutondoan jakiak egiteko erabiltzen zituzten”. 

Gauzak horrela, Aranerrekako harpeako zeramika ontzia Burdin Arokoa dela adierazi zuen Aldaiak. “Konfiantzako datazioa tarte handiarekin eginda, esan daiteke K.a. 500-400 urte dauzkala, gaurtik hartuta, 2.500 urte dauzkala”. 

Beste zenbait aztarnategi

Amasako lurretan 2024ko ekinaldian aztertu dituzten beste zenbait aztarnategien berri eman zuen Aldaiak, Aranzadiko arkeologoak. Aranerrekan bertan dagoen Erretenazpiko koba, esate batera: “Kobazulo oso txikia da (arrastaka sartu behar da), eta lurzorua harriz beteta dauka. Beraz, ezin da indusketarik egin. Hori bai, zeramika puska topatu dugu. Material organikoa beharko genuke haren datazioa egiteko; nolanahi ere, tipologiatik, Goi Erdi Arokoa izango dela uste dugu, Aranerrekakoaren garaikidea seguraski”.

Garmendiko koba

Garmendi baserriaren inguruan, autobiatik gertu dagoen Garmendiko koban ere jardun dute ikerketa lanetan. “Txikia bada ere, zutik egoteko adina bada. Fermin Leizaola etnografoak aztertu eta deskribatu zuen lehenbiziko aldiz, 1963an. 2023an metro karratuko zundaketa egin genuen bertan, eta iaz gehiago zabaltzea erabaki genuen. Harrizko egitura dauka, lauzaz egokitutako lurzorua, eta arreta piztu zigunez, beste metro erdia zabaldu genuen, ea zer topatuko”.

Zeramika zati bat, ikatz-aztarnak eta hezur gutxi batzuk, baina gainerakoan, aztarna gutxi agertu zitzaizkiela gehitu zuen. Aztarna horietako bati Karbono 14 bidezko datazioa egingo diote, giza okupazioaren kronologia zehatzagoa ezagutzeko. 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 669 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!