Jon Aldaia Aranzadiko arkeologoak Amasan azken aldian topatu dituzten aztarnategi ugariren berri eman zuen Subiajana etxean, apirilaren 8an. Aranerrekako Harpea, izenburuko hitzaldia eman zuen egun horretan Subijana etxean. Burdin Aroko eta Goi Erdi Aroko garaiko Aranerrekako Harpeako, Garmendiko Kobako eta Erreten Azpiko Kobako edo Sansonen hankazuloko aztarnategiak izan zituen hizpide, batik bat. Izan ere, Aranzadiko lantaldeak horiengana bideratu baitu ekinaldi arkeologikoa azken bi urtetan. Eginkizun horretan, ordea, espero ez zuten megalitoa identifikatu ahal izan dute: Irañetako tumulua, Loatzo mendian.
Irañetako tumulua
Aldaiak hitzaldian adierazi zuenez, “trikuharria izan daiteke, baina frogatu beharra dago hori. Egia esan, nahiko ebidentzia badaukagu horrela dela sinesteko, besteak beste, bertan suharriak topatu ditugulako”. Historiaurrean, suharria (silexa) arroka sedimentarioa izanik, oinarrizko lehengaietako bat izan zen, tresnak egiteko edo sua pizteko erabili izan zena.
Tumulua, izatez, ehortz-toki batean eraikita dagoen harrizko edo lurrezko mendi-muino txikia da. Kronologiaren ikuspegitik, historiaurreko Neolitokoa, eta zehatzago, Brontze Arokoa dela adierazi zuen Aldaiak. Erdialdeko Europan, Brontze Aroari tumuluen kultura ere deitzen zaio, garai horretako kultura arkeologiko nagusia baita. Brontze aroa K.a. 3.500 urtetik 700 urtera luzatzen da Euskal Herrian.
Aldaiak interesgarritzat jo zuen aurkikuntza, orain arte ez delako megalitorik aurkitu Loatzo mendi inguruan. “Bat etorriko litzateke Itsupeagan (Belabieta) eta Onddolarren dauden beste egitura megalitikoekin”.
Hain zuzen ere, Irañetako tumulua Loatzoko mendi kaskoaren eta Artxipiagako harkaitzaren artean kokatzen da, Eskiluriko bordaren ondo-ondoan; Irurako lur sailekin muga egiten du.
Megalitoen balioa
Halako megalitoen babes mailari garrantzia eman behar zaiela aldarrikatu zuen Aldaiak. “Ikusten ari gara pinu landaketekin edo beste zenbait proiekturekin kolokan jartzen ari direla halako ondare historikoak. Azken batean, ezagutzen ez dena ez da babesten, eta beraz, aurkikuntza hauxe pausoa izan liteke ondoren babestua izan dadin”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 670 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.