Abiatu da Antton Pebet pilota txapelketa

Ainhoa Gil 2025ko mai. 10a, 07:00

Eskualdeko hainbat pilotari lehiatuko da Antton Pebet txapelketako aurtengo edizioan.

Maiatzaren 3an hasi zen Antton Pebet pilota txapelketa. Parte-hartze handiarekin dator aurtengoa ere, eta maila handiko pilotariak lehiatuko dira. Santio jaietan, uztailaren 27an, jokatuko dira finalak

Oso indartsua izan ohi da Antton Pebet pilota txapelketa eta aurten, harik eta indartsuagoa eta ikusgarriagoa dator. Eskuz binaka jokatzen da eta, azken urteotan, Santio jaietako txapelketarekin uztartzen da. Inoizko pilotari kopururik handiena izango du aurtengo edizioak, eta tartean izango dira hainbat izen ezagun ere.

Jatorrian, Gabonetan egiten zuten Antton Pebeten omenezko txapelketa, baina badira bi urte Santio jaietako txapelketarekin uztartzeko erabakia hartu zutela. Iñaki Lizaso da Behar Zana elkarteko arduraduna eta txapelketako antolatzaileetakoa: "Data aldaketa horrek parte-hartzaile kopurua haztea ekarri du, eta baita txapelketaren maila bikoiztea ere. Aurtengo edizioa, esaterako, oso indartsu dator. Ematen du nahita egiten dugula, baina ez da horrela, nahi gabe sortzen zaizkigu erronkak eta guk hartu egiten ditugu".

124 pilotari

62 bikotek parte hartuko dute gizonezkoen mailan, 42 pilota talde ordezkatuz. "Iazko semifinalistak aurtengo final laurdenetan sartuko dira. Aurrez, beste zortzi jardunaldi jokatuko dira. Astez aste, partida politak ikusteko aukera izango da Villabonako Bearzana pilotalekuan. Maiatzaren 4an hasita, asteburutan jokatuko dira lehen jardunaldiak; astearte eta ostegunetan hurrengoak". Pilotazaleek aukera bikaina izango dute txapelketa gertutik jarraitu, eta partida bikainak ikusteko. 

Izenez agian hain ezagunak ez diren pilotariak lehiatuko dira txapelketako lehen jardunaldietan; "afizionatu mailako txapelketa ezagunenetan parte hartzen ez dutenak. Baina txapelketa honen ezaugarrietako bat hauxe da, pilotari horiek ere aukera izan dezaketela aurrera egin eta izen gehiago duten pilotarien aurka jokatzeko", azpimarratu du Lizasok.

Taldeen garrantzia

Pilota taldeei indarra ematen diotela gaineratu du Behar Zanako arduradunak; horregatik, pilotari guztiek euren klubak ordezkatzen dituzte Antton Pebet txapelketan. Zehazki, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 42 pilota taldetako pilotariak ariko dira parte hartzen, aurten ez da pilotari errioxarrik izango txapelketan, oraingoz.

Informazioa webgunean

Txapelketaren inguruko berri zehatza jaso nahi izanez gero, eskuragarri egongo da www.beharzana.eus webgunean espreski sortutako atalean. Bertan aurki daiteke jardunaldi bakoitzaren inguruko informazioa, parte-hartzaileen zerrenda, partiden ordutegiak eta, bertan zintzilikatuko dituzte unez uneko emaitzak ere. 

Finalak, Santiotan

Final handiak Santio jaien barruan izango dira, uztailaren 27an, igande goizez, eta ETBk zuzenean emango ditu. "Aukera bikaina da hori txapelketaren babesleentzako, pilotarientzako eta baita Behar Zana taldearentzako ere. Telebistak eskaini ahal izateko beharrezkoa zen partida igande goizez izatea eta halaxe izango da", aipatu du Iñaki Lizasok. Horrez gain, tokiko hedabideen bidez jarraitu ahal izango da txapelketa. Eta gainera, Behar Zanako youtubeko kanalean zuzenean ikusi ahal izango da finala. Pilotalekura gerturatu ezin dutenentzat, beraz, partidak ikusteko aukera ezberdinak izango dire eskura. 

Sarrera, doan

Partidak zuzenean pilotalekuan ikusi nahi dituztenek ere, izango dute horretarako aukera, noski. Jardunaldietako sarrera, gainera, doakoa izango da, eta saski bat zozkatuko dute gastuei aurre egiteko. "Gisa honetako txapelketa antolatzeak lan handia eskatzen du, eta gastu handiak ere sortzen ditu. Gure apustua da ikusleei sarrerarik ez kobratzea. Hasiera-hasieran hartu genuen erabaki hori, eta mantendu egiten dugu. Izan ere, gure helburua ez baita dirua egitea; Behar Zana elkartean pilotaren aldeko militantzia egiten dugu eta horretan jarraituko dugu. Gastuei aurre egiteko, saskiak zozketatzen ditugu eta gerturatzen diren zaleak gonbidatu nahi ditugu zozketarako tiketak erostera; gastuak ordaintzen laguntzen digute, eta saski ederra etxeratu dezakete gainera", azpimarratu du Lizasok.

Emakumeen txapelketa

Emakumezkoak ere lehiatuko dira Antton Pebeten omenezkoan. Uztailean bertan hasiko da lehia eta izen handiak hartuko ditu. Guztira bost bikotek parte hartuko dute, puntan dabiltzan pilotariak, tartean Behar Zanako lau pilotarik. "Asteazkenero egiten ditugu entrenamenduak Villabonan, eta Behar Zanako pilotariez gain, beste sei pilotari etortzen dira hemen entrenatzera", azaldu du Lizasok. 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 670 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!