111 Akademiaren Saria, ekainaren 5ean Hikan

Aiurri 2025ko mai. 25a, 07:00

111 Akademia Sariko sariketa ekitaldia Amasako Hika txakolindegian antolatu ohi du Larramendi Kultur Bazkunak. Aiurri

Bost hautagaien artean bozkatuta, eta bi finalisten artean bakarra aukeratu ondoren, 111 Akademia Saria jasoko du Miren Amuriza idazleak. 2024an Susa argitaletxearekin argitara eman zuen Pleibak da saritu duten eleberria. Ohi bezala, Hika txakolindegian izango da sariketa

Ekainaren 5ean, ostegunarekin, arratsaldeko zazpietan hasiko da 111 Akademiaren Saria 2024 irabazleari emateko ekitaldia, Amasako Hika txakolindegian.

Egun horretan Miren Amuriza idazleak hartuko du Pleibak eleberriagatik. Honatx, egitaraua:

19:00 Thierry Biscary kantaria zuzenean ariko da.

19:10 Saritutako obraren printzak irakurriko dituzte.

19:20 Saria ematea: Miren Amurizak 111 Akademiako kideengandik jasoko du saria. Miren Amurizak berak hitza hartuko du, jarraian.

19:30 Saritutako lanaren azken printzak.

19:35 Thierry Biscaryren bigarren saioa.

19:40 Sari-banaketa ekitaldiaren amaiera, Roberto Ruiz sukaldariak prestaturiko zizka-mizkak dastatuz.

Bost finalista eta irabazle bakarra

Lehen txandan boto gehien jaso zuten obrak honako hauek izan ziren: Pleibak, Miren Amurizarena; Gizon barregarriak, Joxean Agirrerena; Francesco Pasqualeren bosgarren arima, Unai Elorriagarena; Hetero, Uxue Alberdirena; eta, Coca-Cola bat zurekin, Beñat Sarasolarena. Haietatik finalera bi lan iritsi ziren, Unai Elorriagarena eta Miren Amurizarena. Maiatzaren 19an eman zuten irabazlearen berri eta hori Amuriza izan da.

Laguntasuna, hizpide

111 Akademia izena daraman aldizkarian eleberriaren nondik norakoak azaldu zituzten, honako hitz hauekin: Harremana hautsi zuten orain dela urte nahikotxo. Edo hautsi zen, poliki-poliki apurtzen joan zen, harik eta bat-batean Jonek eta Pollyk lagunak izateari utzi zioten arte, mugarririk gabe, gatazka erabakigarririk gabe. Hausturatik hainbat urtera, adiskideak ziren garaietako oroitzapenak berreskuratuko ditu Jonek, eta Pollyri aurpegiratuko dio baztertua izateak eragin zion mina eta onartuko dizkio, halaber, berak egindako hanka-sartzeak. Nerabezaroari heldu dio Miren Amurizak bere azken eleberrian: Pleibak (Susa, 2024). 2000. hamarkadaren inguruan izan ziren nerabe Jone eta Polly, eta garai hartako erreferentziak eta gatazkak islatu ditu Amurizak hala kontakizunean, nola hizkuntzan. Basa (Elkar, 2019) izan zen bere estreineko eleberria. Oraingoan, estiloari dagokionez, aldaketa egiten ahalegindu dela adierazi zion 111 Akademiari: "Ahozkotik ahalik eta hurbilen egongo zen erregistro bat nahi nuen nik, eta gazte hizkerarekin lotua. Esango nuke hautu sorta horrek mugatu egin duela istorioa eta lagundu didala ahots hori gorpuztuko zuten pertsonaiak bilatzen eta eraikitzen".

Miren Amurizak Eneko Bidegainen lekukoa hartuko du saridunen zerrendan. Sariketa ekitaldira hurbiltzeko, beharrezkoa da gonbidapena aurkeztea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!