Elkartea sortuta antolatu dute aurtengo jaialdia. "Lagun taldea elkartuta hasi ginen lehen urtetako antolaketa lanak egiten, baina aurten beste gorputz bat ematea erabaki genuen eta horregatik sortu dugu Hellbona elkartea. Antolaketa lanak egiteko bilerak egiten ditugu 15 egunez behin eta lantalde ezberdinak ere antolatu ditugu, zeregin guztiak egin ahal izateko. Guztira 15 pertsona inguru ari gara lanean".
Heavy estiloko zortzi kontzertu antolatu dituzte Hellbona jaialdirako. "Zortzi kontzertu horiek ikusteko aukera eskaintzen du jaialdiak. Emanaldi bat amaitu eta hurrengoa hasterako, tarte txikiak uzten ditugu, jendeari batetik bestera joateko aukera emateko. Iluntze bakarrean zortzi kontzertu ikusi ahal izatea oso aukera ona dela uste dugu".
Aukeratutako talde guztiak euskaldunak dira: "Eskualde ingurukoak dira batzuk, nafarrak edo iparraldeko talderen bat ere izango da tartean. Euskararen aldeko apustua egin genuen jaialdiaren sorreran eta eutsi egiten diogu horri".
Urriaren 11ko jaialdia doakoa izango da eta, gerturatzeko gonbita luzatu dute: "Musikaz gozatzeko aukera ederra eskainiko du eta bide batez, gurea bezalako ekimen txikiari babesa emango diote. Egun horretako kontsumizioei esker lortzen dugu gastu ekonomikoari aurre egitea eta horretarako, beharrezkoa da jendea gerturatzea. Urtetik urtera jende gehiago gerturatzen zaigu eta gustora hartuko ditugu etortzen diren guztiak".
Urriaren 3an jaialdiaren aurrerapena egingo dute. "Azken urteotan egin dugun bezala, Aljiben kontzertu sorta bat eskainiko dugu, jaialdi nagusiaren atariko".
Larunbatean, Aljibean
Eta motorrak berotzen joateko, larunbat honetan bertan emanaldi berezia izango da Aljibek. Sahrijai elkartearekin batera antolatu dute eta hiru talde igoko dira eszenatokira: "Gaueko 22:00etan hasiko da eta, Soa, Alerta eta Ilusion taldeak izango dira protagonista. Sarrerak salgai daude Sahrijai-en webgunean 10 euroren truke, eta 12 eurotan egongo dira egunean bertan Aljibean".